Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Lau pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, farmaziako produktuak eta kosmetikoak legez kanpo salerostea egotzita
Gainera, beste pertsona bat atxilotu dute Madrilen. Halaber, merkatuan 180.000 euroko balioa izango luketen produktuak hauteman dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Polizia Nazionalak bost pertsona atxilotu ditu, lau Gasteizen eta bat Madrilen, farmaziako produktuak eta kosmetikoak legez kontra salerostea leporatuta. Atxilotuei hainbat delitu egotzi dizkiete: osasun publikoaren aurkako delitua, argindarrarekin iruzur egitea eta armak legez kanpo edukitzea. Gainera, beste pertsona bat atxilotu dute Madrilen. Halaber, merkatuan 180.000 euroko balioa izango luketen produktuak hauteman dituzte.
Ikerketa Madrilgo Alcorcon udalerrian abiatu zuten, azoka batean kontrolik pasa gabeko botikinak, maskara kirurgikoak, lainoztagailuak, serum fisiologikoa eta kosmetikoak saltzen ari zela egiaztatu zutenean. Horren aurrean, produktu horiek ekoizten eta banatzen dituzten enpresek salaketa jarri zuten.
Halaber, Fuenlabradan (Madril) 30.000 produktu baino gehiago konfiskatu dituzte, eta atxikitako produktu horiek merkatuan 100.000 euroko balioa dute, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez.
Gerora, Gasteizen, Ehari-Gobeuko industrialdean, 10.000 farmazia produktu inguru hauteman zituzten. Produktu horiek Arabako hiriburuko txikizkako dendatan eta lokutorioetan saldu behar zituzten.
Ildo horretan, agenteek hainbat saltoki ikuskatu zituzten Gasteizko Sansomendi, Koroatze eta Zaramaga auzoetan eta horietan hainbat material konfiskatu zituzten.