Gizartea -

OSASUNA

"Euskadi osasuntsuago" bat lortzea helburu duen 2030 Osasun Plana onartu du Eusko Jaurlaritzak

Osasun Plan berriak zehazten dituen hamar helburuetatik lau dira nagusiak: haurren eta nerabeen osasun garapena sustatzea, zahartze aktiboa bultzatzea, hilkortasuna gutxitzea eta eta osasun arloko desberdintasunak murriztea.

Olagibelgo osasun zentroa, Gasteizen. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Olagibelgo osasun zentroa, Gasteizen. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Olagibelgo osasun zentroa, Gasteizen. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak "Euskadi osasuntsuago" bat lortzeko datozen urteetarako osasun politikak zehaztuko dituen ibilbide-orria onartu du, "herritarren osasuna bermatuz eta inor atzean utzi gabe".

Euskadi 2030 Osasun Planak hamar helburu eta 70 ildo estrategiko ezartzen ditu hemendik 2030era arte EAEko herritarren osasun maila altuagoak lortzeko; adina, generoa, klase soziala, jatorria edozein dela ere.

Guztira, zehaztutako hamar helburuetatik lau dira nagusiak: haurrek eta nerabeak beren osasun-potentzial guztiarekin garatu daitezen lortzea, zahartze aktiboa sustatzea, saihestu daitekeen hilkortasuna gutxitzea, eta osasun arloko desberdintasunak murriztea.

2030 Osasun Planak ezartzen dituen gainerako helburuak, laburbilduz, hauek dira: Osasun Publikoaren Sistema indartzea, ingurune eta komunitate osasungarriak, jasangarriak eta erresilienteak garatzea; ikerketan eta berrikuntzan inbertitzea eta osasunean eragiten duten sistemak hobetzeko aplikatzea; jasangarritasuna eta bikaintasuna lortzea EAEko asistentzia sistema sanitarioetan eta soziosanitarioetan; erakundeen eta eragileen koordinazioa hobetzea politika guztietan osasuna bermatzeko, eta bizitza osoaren ikuspegira bideratutako zahartzea lortzeko.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak 2030 Osasun Plana aurkeztu du astearteroko Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Azaldu duenez, osasun arloko 175 pertsona inguruk parte hartu dute.

Sagarduik nabarmendu duenez, anbizio handiko plana, estrategikoa, bizia, parte-hartzailea eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritu dena. "2030 Osasun Planak herrialde osasungarriagoa lortzeko norabidea adierazten du", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Osasun albisteak