Gizartea -

Trafikoa

Tourraren 3. etapa abian, tropela hartuko duten errepide asko itxita daude

Gipuzkoan, AP-8ko zenbait irteera itxita daude dagoeneko. N-634 errepidean ere eragina izango du Frantziako Tourraren tropelak. Zenbait udalerritako kaleetatik ezin da ibili, tartean Zornotzako irteera eta Donostia.

Ertzainak Zornotzako irteeran. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Ertzainak Zornotzako irteeran.
Ertzainak Zornotzako irteeran. EITB Mediaren bideo bateko irudia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zornotza eta Baiona lotzen ari den Frantziako Tourraren 3. etapak trafikoan aurreko biak baino eragin handiagoa izatea aurreikusten da, lan eguna delako eta txirrindulariak errepide sare nagusitik ere ibiliko direlako.

Tropela 13:15ean abiatu da Bizkaiko udalerritik, baina trafikoan askoz lehenagotik izango du eragina etapak. Zornotzan, 06:00etatik 14:00etara, baimendutako ibilgailuek soilik sartu ahal izan dira kale batzuetan: Gudari (Txiki Otaegi kalearekiko bidegurutzetik), Ibaizabal (aparkalekua barne), Nafarroa (bi aparkalekuak barne), Azoka, Jauregibarria, Belatxikieta, Bizkargi eta Enrike Renteria (10. zenbakiko garajeen sarreraraino).

Bizkaian 60 kilometro egingo ditu etapak, eta garraio publikoko erabiltzaileek ere nabarituko dute. Bizkaibuseko zenbait lineak zerbitzu mugatua izango dute.

Bizkaian, N-634 errepideko zati txiki batez gain, lasterketa kostaldera joango da BI-3333, BI-633, BI-2405 eta BI-3438 errepideetatik.

La caravana del Tour, en Lekeitio. Foto: EFE

Tropela GI-638 errepidetik sartuko da Gipuzkoan, Mutrikutik, eta laster N-634 errepidetik joango da Oriora arte. Kostaldeko errepideko errepideko zenbait puntu itxita egongo dira, eguneko momentu desberdinetan.

Gainera, AP-8ko zenbait irteeratan eragina izango du, Gipuzkoan. Autobideko bost irteera 11:15etik 16:30ak arte itxita egongo dira: Itziar, Zestoa-Zumaia, Zarautz, Orio eta Oiartzun.

Zatirik handiena kostaldetik denez, errepideetan ez ezik, portuetan ere aldaketak sortu ditu etapak. Getarian, adibidez, arrainaren banaketa errepideak itxi aurretik egin behar izan dute, eta horrek urduritasuna eta kezka eragin du langileen artean. Euskadi Irratian esan dutenez, "presaka" erosi dute arraina, 15:30 arte kamiorik ez delako egongo.

Gipuzkoako hiriburua mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du Tourrak. Lasterketa Oriotik barrena sartuko da Igeldora, eta Antiguatik, Erdialdetik eta Grosetik igaro ondoren, Pasaiatik irtengo da. Ibilbidea honakoa izango da: Aita Orkolaga - Cristobal Balenziaga - Igeldo pasealekua - Iruña - Zumalakarregi - Satrustegi - Kontxa - Zubieta - Easo - Askatasunaren hiribidea -Hernani - Bulebarra - Erregina Erregeordea - Zurriola hiribidea - Nafarroa hiribidea - Ategorrieta - Jose Elosegi alkatearen hiribidea - Pasaiako portuko zeharbidea - Buenavista etorbidea.

Gutxi gorabehera, 10:30etik 17:00ak arte izango dira horiek itxita, Igeldon izan ezik, baina, gainera, beste inguruko kale batzuk ere itxiko dituzte.

Ondoren, Gipuzkoako zatia amaituko dute, Lapurdira sartu aurretik, GI-636 errepidetik. Inguru honetan, baina AP-8an, bizpahiru kilometroko auto-ilarak sortu dira, mugan.

Baionara iritsi baino lehen, lasterketa D810, D918, D3, D932 eta D810 errepideetatik igaroko da.

Frantziako Tourrak osatutako dokumentu honetan, etapaz etapako errutometroan zehaztuta dago ibilbide bakoitzak zeharkatuko dituen errepideak, moztuko diren puntuak eta bide zati horien itxiera-irekiera orduak

Era berean, eta halabeharrez, garraio publikoko lineatan eragina izango du lasterketak, etenak, edo geraleku eta ordutegi aldaketak. Hemen kontsultatu daitezke Lurraldebusen lineatan izango diren aldaketak. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Frantziako Tourra Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak Lapurdiko azken ordua