Gizartea -

Nagore Laffageri omenaldia

Hilketatik 15 urtera, Nagore Laffage oroitzeko ekitaldia egingo dute gaur Iruñean

Astelehen Lilak elkarteak deituta, 19:00etan izango da hitzordua, Vinculo plazan. 2008ko uztailaren 7an hil zuen Laffage Jose Diego Yllanesek.

2018ko omenaldiko irudi bat. EITB Mediaren artxiboko irudia.
2018ko omenaldiko irudi bat. EITB Mediaren artxiboko irudia.
2018ko omenaldiko irudi bat. EITB Mediaren artxiboko irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 7an hamabost urte beteko dira Nagore Laffage irundarra hil zutenetik, eta urtero bezala, hura oroitzeko ekitaldia egingo dute Iruñean. 

Astelehen Lilak elkarteak deituta, gaur 19:00etan izango da hitzordua, Vinculo plazan. "Beragatik, denentzat, justizia eta ordaina. Haien ahotsak gara. Beste bat ere ez!" lelo hartuta, dei egin diete herritarrei bertan parte hartzera. 

Txalapartariez eta Iruñeko Txistulari taldeaz gain, Bandada taldearen eta Kai Etxaniz, Maria Antunez eta Alicia Arguiñanoren zuzeneko musika izango da ekitaldian.

15 urtez Nagore gogoan

2008ko San Fermin egunean, Jose Diego Yllanes 27 urteko mediku psikiatrak Nagore Laffage 20 urteko erizain irundarra ito zuen Iruñeko Iturrama auzoko etxebizitza batean, neskak sexu-harremanak izateari uko egin zionean.

Lantoki berean lan egiten zuten baina Foruzaingoaren ikerketak ezarri zuenez, ez zen inolako loturarik egon Laffageren eta Yllanesen artean, 2008ko uztailaren 7ra arte. Poliziak egun hartan ezarri zuen bien arteko lehen hartu-emana, Iruñeko Pedro I.aren kalean, Yllanesek biktimaren hiru lagunekin hitz egin zuenean. Foruzainek bi gazteen irudiak lortu zituen, Sancho Ramirez kaleko etxebizitzarako bidean, eta, ondoren, Yllanesenak, Unibertsitate Klinikan eta inguruko kaleetan.

Kolpatu eta ito ondoren, atzamar bat moztu zion identifikazioa oztopatzeko eta gorpua plastiko artean ehortzi zuen, Orondritzen (Erroibar). Egun horretan bertatik paseatzen zebiltzan herritar batzuek topatu zuten hilotza.

Egunean bertan atxilotu zuten Yllanes. 27 urteko iruindarrak Nagore Laffage gaztea berak hil zuela berehala onartu zuen eta Aoizko epaileak atxilotua bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen jarraian. Bai poliziaren aurrean, baita epailearen aurrean ere, hilketaren egilea bera zela aitortu zuen.

12 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten, fiskalak eskatutako zigorra, hain zuzen ere. Herri-epaimahaiak homizidioa egotzi zion. Hiltzaileak zortzi urte eta hamaika hilabete eman zituen espetxean Irungo gaztea hiltzeagatik; 2017ko ekainean hirugarren gradua lortu zuen eta 2018an baldintzapean aske geratu zen, arlo pribatuan lan egiteko baimenarekin. 2020tik libre dago.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Tratu txarrak Espainian San Fermin jaiak Gizartea Genero indarkeriaren biktimak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea