Gizartea -

TRAFIKOA

Normaltasuna nagusi Frantziako Tourrak baldintzatutako irteera operazioaren lehen orduetan

Aurten, iazko udan baino joan-etorri gehiago espero dira; beraz, funtsezkoa da bidaiak aldez aurretik planifikatzea eta informazio guztia kontsultatzea errepidera irten aurretik.

Ertzain bat, adi, segurtasun dispositibo batean. Artxiboko argazkia: Trafiko Zuzendaritza
Ertzain bat, adi, segurtasun dispositibo batean. Artxiboko argazkia: Trafiko Zuzendaritza
Ertzain bat, adi, segurtasun dispositibo batean. Artxiboko argazkia: Trafiko Zuzendaritza

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trafikoa normaltasunez igarotzen ari da euskal errepide-sareko gune nagusietatik larunbat honetan, uztailak 1, Frantziako Tourrak baldintzatutako irteera operazioaren lehen orduetan. Izan ere, aurten, Euskal Herritik igaroko da munduko txirrindularitza lasterketa nagusiena, ibilgailuen joan-etorriak nabarmen ugaritzea espero den honetan.

Gauzak horrela, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Zornotzan segurtasun dispositibo bereziak prestatu dituzte, Tourreko aurreneko etapetako irteera-helmugak hartuko dituztelako. Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 108 udalerritako trafikoan eragin handiak izango du, eta, beraz, funtsezkoa da bidaiak behar besteko aurrerapenarekin planifikatzea. Egun horietako ohiko operatiboari, oraingoan, euskal erakundeek uztailaren 1etik 3ra bitartean egingo den Grand Départ Pays Basque 2023rako planifikatutako segurtasun bereziko operatiboa gehitu behar zaio.

Aireportu inguruetan ere trafiko etenak izango dira; bereziki, Loiun eta Hondarribian. Garraio publikoaren ibilbidean eta geralekuetan ere eragin zuzena izango du astebururako iragarrita dagoen operatiboak, eta hainbat lantokitarako sarrera-irteeretan ere aldaketak izango dira.

Nolanahi ere, Trafiko Zuzendaritzak egiaztatu du lehen ordu hauetan ez dela inolako auto-ilararik sortu bide nagusietan, hala nola, AP-8an, Biriatun; Armiñongo lotunean eta AP-1 eta N-622 arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan; zein N-622 eta A-1 arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.

Ohikoa denez, arreta berezia jarriko zaie puntu "kritikoei". Hala, auto-ilarak sor daitezkeen egunetan, bereziki, uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean, seinaleztapen bereziak jarriko dira AP-1eko irteeraren lotura errazteko, Etxabarri Ibiñan (N-622 errepidearekin Gasteizerako noranzkoan), eta, era berean, Gasteizen, N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.

Armiñongo lotunean, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean.

Guztira, nazioarteko 1.950.000 ibilgailu igaroko dira euskal errepide-saretik. Hori dela eta, seinaleztapen bereziak jarriko dituzte AP-1 autobideko Etxabarri Ibiñako irteeraren eta N-622 errepidearen arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan, eta, Gasteizen, N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgos/Madril noranzkoan.

Barruko trafikoari dagokionez, eta eguraldiak laguntzen badu, iazko udan baino joan-etorri gehixeago espero dira; iaz 38.700.000 joan-etorri egin ziren.

Urtero bezala, funtsezkoa da bidaiak aldez aurretik planifikatzea eta informazio guztia kontsultatzea errepidera atera aurretik (Trafiko, Letour eta Waze webguneetan). Errepideei buruzko informazioa ere etengabe eguneratuko da sare sozialetan eta 011 telefonoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bilboko Aireportua Kirolak Frantziako Tourra Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Bilbo erdialdeko sarbidea Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak A-8 Autobidea AP-68 autobidea