Gizartea -
Hezkuntza
Musikariak Ikastetxeetan programak jarraitu egingo du Nafarroako ikasgeletan
Euskarabideak kudeatuko du 2023-2024 ikasturtetik aurrerak Musikariak Ikastetxeetan, 2018tik Hezkuntza Departamentuak kudeatu duen programa.
N. V. | EITB Media
Euskarabidea Euskararen Nafarroako Institutuak kudeatuko du 2023-2024 ikasturtetik aurrera Musikariak Ikastetxeetan hezkuntza programa, eta musikaren protagonisten bidez foru erkidegoko ikasgeletara hurbiltzen jarraituko du egitasmoak, beraz.
Gaur goizean bertan jakinarazi die erabaki hori Nafarroako Gobernuak programan parte hartzen duten ikastetxetako ordezkariei, egitasmoaren arduradunak kezka agertu eta gero, Hezkuntza Departamentuak Musikariak Ikastetxeetan programa bere gain hartuko ez zuela eta. Horren erakusgarri, Iruñean bilkura egin dute eguerdian musikariek eta programaren sustatzaileek.
Hezkuntza Departamentuak programa kudeatzeko konpromisoa ez zuela berrituko jakinarazi zion berori garatzeaz arduratzen den enpresari, eta orain jakin da Euskarabidea arduratuko dela saioak kudeatzeaz, ikasturte honetan "eta hurrengoetan".
Bost urteko ibilbidean, Musikariak Ikastetxeetanen 700 saio egin dituzte Nafarroa osoan, A eta D ereduetako ikasgeletan, eta sortzaileak sormen prozesuaz, euskal kantuen iraganaz eta etorkizunaz eta transmisioarekiko garraz aritu zaizkie ikasleei.
Programan 37 musikari aritu dira, hala nola Iban Urizar Amorante, Aneguria, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Ines Osinaga, Joseba Irazoki, Lide Hernando, Maite Larburu, Mikel Markez, Miren Narbaiza, Olaia Inziarte, Thierry Biscari eta Zuriñe Hidalgo.