Gizartea -
Eguraldia
Giro epela eta hezea izango da Euskal Herrian Tourraren irteerako asteburuan
Egunez egun giroa epeltzen joango da, pare bat gradu egunero, eta asteburu osoan zehar osatarteak eta lainoak tartekatuko dira. Zaparradak botako ditu, gainera, han-hemenka asteburu osoan zehar.
EITB Media
Frantziako Tourraren irteeraren harira, mundu guztiko telebistetan agertuko da asteburu honetan Euskal Herria, eta gure lurralde honetako landa eremu gehienak horren berde zergatik egon ohi diren bistan geldituko da, zeruan hodeiak eta ostarteak izango baitira nagusi datozen egunotan, eguzki goxoa eta euri zaparradak, tartekatuta.
Gaur ostirala, giro freskoarekin argitu du egunak, hodeitsu eta euri apur batekin, eta termometroak ozta-ozta iritsiko dira 20 ºC-ra. Goizean, Kantauri isurialdean, zaparrada batzuk bota ditu baina arratsaldetik aurrera atertu egingo du, nahiz eta ipar-ekialdean, euri apur bat egin dezakeen oraindik. Hegoaldean bai, ostarteak izango dira nagusi.
Larunbatean, hodeiak gailenduko dira, ipar partean batez ere; bertan, egunaren zati handi batean estalita egongo da zerua eta baliteke zaparrada txikiak botatzea, batez ere goizean eta gauean eta ipar-ekialdean. Hegoaldeko eremuetan, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Tenperaturek pare bat gradu egingo dute gora; 22 graduren bueltan ibiliko dira kostaldean eta 23-24 gradu inguruan hegoaldean. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da.
Igandean berdintsu jarraituko du eguraldiak. Goizean zehar lainotua egongo da zerua, kostatik gertu bereziki, eta euria egin dezake, batez ere, ipar-ekialdean. Arratsaldean, atertu egingo du eta ostarteak zabaltzen joango dira. Larunbatean bezala, Araba hegoaldean eta Nafarroa erdialde eta hegoaldean, giroa argiagoa izango da, hodeiak eta urdinguneak tartekatuko baitira. Tenperaturak beste koska bat egingo du gora eta 22-23 gradura iritsiko dira kostaldean eta 25 ingurura barnealdean. Mendebaldeko haizea ibiliko da.