Gizartea -
Hezkuntza
Miravalles-El Redin ikastetxeari buruzko kautelazko etenaldiaren aurkako errekurtsoa jarri du Foru Gobernuak
Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, "neurriak ez die inolako kalte ekonomikorik eragiten ikasleen familiei, eta ez du eragozten ikastetxeak hezkuntza eredu berezituarekin jarraitzea".
EITB Media
Nafarroako Gobernuak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, Miravalles-El Redin Nafarroako ikastetxeari Batxilergoan dagokion hezkuntza-ituna bertan behera uzteko erabakia geldiarazi ondoren.
Foru Gobernuak ohar batean adierazi duenez, "neurriak ez die inolako kalte ekonomikorik eragiten ikasleen familiei, eta ez du eragozten ikastetxeak hezkuntza eredu berezituarekin jarraitzea".
Nafarroako Goernuaren arabera, "administrazio-ebazpenak ez du behartzen ikastetxeak ikasle guztiak ikastetxe mistoetan hartzera, ezta berriz konfiguratzera ere".
Arlo ekonomikoari dagokionez, Batxilergoan dagokion hezkuntza-ituna bertan behera uztearen "kostua ikastetxeak baino ez du bere gain hartu behar, eta ez du aipatzen horri aurre egitea ezinezkoa denik". Horrela, baiespen-epaia ematen bada, dagokion zenbatekoa ordainduko zaio, dagozkion interesekin, baina horrek ez du gaitzen epaimahaiak erabakitako geldiarazpena.
Errekurtsoaren arabera, "ikastetxeak berak bere gain hartuko du hezkuntza-ituna galtzearen kostua, eta, beraz, ez die familiei eragiten". Gainera, Gobernuak argudiatzen du ikastetxeek eta familiek bazekitela ituna iraungitzear zela, eta beste zentro batzuetan izena eman zezaketela.
"Datuek erakusten dute familiak ez direla hezkuntza-eredua aldatzera behartuta sentitu, eta ez direla hezkuntza-sistema bereizia aldatzeko arriskuan egon", gaineratu du Foru Gobernuak.
Miravalles-El Redin Nafarroako ikastetxeari Batxilergoan dagokion hezkuntza-ituna bertan behera uzteko erabakia geldiarazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Ikastetxe horretan, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituen hezkuntza-ereduarekin jarraitzearen alde egin dutelako hartu zuen erabakia Foru Gobernuko Hezkuntza Departamentuak.
Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak hartu zuen erabaki horrek ikastetxeari "kalte konponezina" eragin diezaiokeela ebatzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, joan den astean eman zuen kautelazko ebazpenean. Epaileen arabera, hezkuntza-ituna eteteak "ondorio kualitatibo eta kuantitatibo nabarmenak" izango lituzke ikastetxe horrentzat eta bertako ikasleentzat. Hala, egoera hori konpontzea edo atzera egitea "zaila edo ezinezkoa" izango litzateke.
Halaber, administrazio-egintza gauzatzeak, hala badagokio, hezkuntza-eredu berri batera egokitzea ekarriko luke (hezkuntza mistoa): ikastetxeen eta taldeen osaera eta egitura-antolaketa berriz konfiguratzeaz gain, egoera berriari aurre egin ezin dioten ikasleak itundutako beste ikastetxe batzuetan edo ikastetxe publikoetan sartu beharko lirateke.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, Miravalles-El Redinekin egin zuen bezala, bertan behera utzi du, kautelaz, Irabia-Izaga ikastetxeari zegokion Batxilergoko hezkuntza-ituna, Foru Gobernuko Hezkuntza Departamentuak erabakitakoa, hezkuntza berezituari eutsi ziolako.