Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Indarkeria matxistaren kasuak artatzeko ertzainen kopurua % 41 handituko dutela iragarri du Erkorekak
Plantilla indartzeak kasu bakoitzaren ebaluazioak eta jarraipena egiten dituzten agenteen lan-karga % 30 arintzea ekarriko du, 71 izatetik 100 izatera igaroko baitira.
EITB MEDIA
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak adierazi duenez, indarkeria matxista kasuak artatzen dituzten oinarrizko agenteen plantilla % 41 handituko da. Kasu horietaz arduratzen diren ertzainak 71 izatetik 100 izatera igaroko direla iragarri du Erkorekak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.
Errefortzu horrek kasu bakoitzaren ebaluazioak eta jarraipena egiten duten agenteen lan-karga % 30 murriztea ekarriko du, 71 izatetik 100 izatera igaroko baitira.
Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Lanpostuen Zerrenda (LPZ) aldatuko da, Ertzaintzak erregistratuta dituen genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren espedienteen jarraipena eta ebaluazioa egiten duen Ertzaintzaren plantilla % 40,8 handitzeko.
Horrenbestez, 70 lanpostuko egungo Lanpostuen Zerrendatik 100era igoko da, gai horretan aritzen den eragile bakoitzak bere lan-karga, batez beste, % 29,33 murriztu ahal izan dezan: agente bakoitza batez beste 75,6 kasu izatetik 53,7 izatera igaroko da.
Erkorekaren arabera, orain indartzen ari diren taldeek Ertzaintzaren komisaria guztietan egiten dute lan, eta indarkeria horien biktima diren emakumeak artatzen soilik jarduten dute.
Segurtasun Sailaren datuen arabera, une honetan, Ertzaintzak 5.370 espediente ditu erregistratuta, horietatik 233 larriak eta biktimentzat arrisku berezia edo handia dutenak.
Ertzaintzaren negoziazio-mahaia
Ertzaintzaren sindikatuekin abian duten negoziazioari buruz galdetuta, Erkorekak esan du ertzainen ordainsarien igoera lineala "legez kanpokoa eta jasanezina" dela. "8.000 ertzaini 1.100 euro gehituz gero, 125 milioi euroko inpaktua izango luke eta Estatuak inpugnatu egingo luke", adierazi du.
Gainera, Segurtasun sailburuak azpimarratu du Saila ez dela inoiz altxatu Ertzaintzaren negoziazio-mahaitik, eta sindikatuak foro horretara "itzultzeko irrikan" dagoela, "bere lekuan" jarraitzen baitu elkarrizketei berriro ekiteko, "horretarako prest daudela esan bezain laster", "soldata lineal orokor batekin hasi gabe", "legez kanpokoa" baita.
Halaber, ostiralean Negoziazio Mahaitik altxatzea erabaki zuten sindikatuek ez zituztela Sailak proposatutako 37 neurriak "aztertu ere egin nahi izan" salatu du.
Amaitzeko, Tourrean egon litekeen "boikot" baten inguruan galdetuta, ez duela "hipostesi horretan burua jarri nahi" esan du. "Ezin dut pentsatu agintaritzako agenteek iruzurrezko estrategiak har ditzaketela, hala nola laneko baja faltsuak", esan du. "Euskal gizarteak ez luke ulertuko", ohartarazi du.