Gizartea -

Migrazioa

Lehorrean dira dagoeneko ostegunean Aita Mari ontziak erreskatatutako 172 lagunak

Erreskatearen ostean, Italiak Salernoko portua eman zien, nahiz eta beste batzuk askoz gertuago egon. Bidaia egun eta erdian egin nahi zuten, ahalik eta azkarren, baina mantsoago joateko esan zieten, igandera arte ezingo baitzituzten lehorreratu, 09:00ak arte.

Aita Mariren erreskatea Mediterraneoan. Argazkia: @maydayterraneo
Aita Mariren erreskatea Mediterraneoan. Argazkia: @maydayterraneo
Salernon porturatu dituzte joan den ostegunean Mediterraneoan erreskatatutako 172 pertsona

0:29

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehorrean dira dagoeneko ostegunean Aita Mari ontziak erreskatatutako 172 pertsonak. Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontzia igandean iritsi da Salernoko portura, 09:00etan. Italiako agintariek Salernoko portua esleitu zioten ontziari, nahiz eta beste asko gertuago egon. Aita Mariren arduradunen asmoa bidaia egun eta erdian egitea zen, ahalik eta azkarren, baina hiru egun itxaron behar izan dituzte itsasoan igandean porturatu arte.

Simon Vidal kapitainak sare sozialetan azaldu duenez, lehorreratzea "prozesu nahiko azkarra" izan da, eta gaineratu du Poliziarekin eta Kostazainekin ere egon behar izan dutela, "erreskatearen inguruko era guztietatko datuak eskatu" dizkietelako. 

Erreskatatutakoen artean, babesik gabeko 55 adingabe daude, baita 3-10 urteko 4 haur eta 2 haurtxo ere, horiek bai lagunduta. Osasun-egoera onean omen daude, eta negatibo eman dute covid-19a detektatzeko proban.

"Ume asko iritsi dira ontzi honetara. Pare bat egunen buruan denak ahalik eta hoberen hartuko ditugu. Ez da nahikoa lehorreratze fasean arreta ematearekin, haien ibilbideak jarraitu behar ditugu etorkizun hobea bermatzeko", adierazi du Paola de Roberto Salernoko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak, tokiko hedabideen arabera.

Giancarlo Conticchio prefektuak Salernoko portuan azaldu duenez, migratzaileetako "batzuk Salerno probintzian hartuko dituzte, eta gainerakoak Campania eskualdeko beste probintzia batzuetan".

Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundearen erreskate ontziak 294 pertsonaren erreskatean parte hartu zuen ostegunean Mediterraneoan, ResQship gobernuz kanpoko erakundeko Nadir itsasontziarekin eta Italiako kostazainekin batera. Gaur Salernoko portuan lehorreratu dituzten 294 pertsona horietatik 172 Aita Mari ontzian zihoazen.

Sea Watch gobernuz kanpoko erakundearen hegazkin batek zazpi txalupa prekario ikusi zituen Mediterraneoko uretan, Lampedusa uhartetik hego-mendebaldera. Maltako eta Italiako koordinazio zentroei berehala jakinarazi zieten, baina Maltako agintariek ez zuten erantzun eta Italiak hasieran uko egin zion esku hartzeari.

Azkenik, ordea, Italiako kostazainak bertaratu ziren, eta operazioan parte hartu zuten Aita Marirekin eta Nadir ontziarekin batera.

Guztira, 294 pertsona erreskatatu dituzte: 81 gizon, 15 emakume, bakarrik dauden 55 adingabe, 3-10 urteko 4 haur eta 0-2 urteko 2 haur. Saharaz hegoaldeko pertsonak dira (Ginea, Burkina Faso, Mali, Senegal eta Gambiakoak, batez ere), eta, itxura guztien arabera, Tunisiatik abiatu ziren.

Aita Mari erreskate ontzia joan den asteko larunbatean itsasoratu zen Burrianako portutik (Castello), eta hamargarren misioa du honakoa, 2023ko bigarrena.

Aurten, 58.171 pertsona migratzaile iritsi dira Italiako kostaldera, Barne Ministerioaren erregistroen arabera, iazko epe berean iritsi zirenen bikoitza baino gehiago, eta gutxienez 26.924 hil edo desagertu dira Mediterraneoan 2014tik, mundu osoan erregistratutako 56.000 biktimen ia erdiak, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aita Mari Mediterraneo itsasoa