Gizartea -
Gertakaria
Lau zauritu Donostian, larrialdi batera zihoan Ertzaintzaren auto batek beste baten kontra talka egin ondoren
Gertakaria 13:00ak aldera jazo da, Mirakruz gainean, Bordatxipi, Atarizar eta Jose Elosegi kaleen arteko bidegurutzearen parean.
Agentziak | EITB Media
Lau pertsona Donostia Ospitalera eraman behar izan dituzte gaur, larrialdi batera zihoan Ertzaintzaren auto batek beste ibilgailu baten aurka talka egin ondoren, Mirakruz gainean, Donostian.
Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, antza denez, larrialdi batera zihoan Ertzaintzaren patruila-auto batek ibilgailu baten kontra talka egin du Bordatxipi, Atarizar eta Jose Elosegi kaleen arteko bidegurutzearen parean. Gertakaria 13:00ak aldera jazo da.
Zirkulazioa ordubete baino gehiago egon da itxita bi noranzkoetan, baita oinezkoentzat ere, larrialdi eta polizia zerbitzuak lanean ari baitziren. Dagoeneko egoera normaltasunera itzuli da bertan.
Istripuan inplikatutako ibilgailuaren barruan hiru heldu eta haurtxo txiki bat zihoazen. 62 urteko gizon bat eta emakume bat, 37 urteko emakume bat eta urtebeteko umetxo bat dira.
Haurtxo txikia bere aulkitxoan "arazorik gabe" atera dute; helduak, berriz, suhiltzaileek erreskatatu behar izan dituzte. Lau pertsonak ospitalera eraman dituzte.