Gizartea -

MIGRAZIOA

Italiak ez dio 'Aita Mari' erreskate ontziari igande goizera arte porturatzen utziko

Erreskatea egin eta Salernoko portua eman diete, beste batzuk askoz hurbilago egon arren. Egun eta erdiko bidaia ahalik eta azkarren egitea zen beraien asmoa, baina Italiatik mantsoago joateko esan diete, ezingo baitute igandera arte porturatu.

Aita Mariren erreskatea Mediterraneoan. Argazkia: @maydayterraneo
Aita Mariren erreskatea Mediterraneoan. Argazkia: @maydayterraneo
Aita Mari ontzia Salernoko portura doa, erreskatatutako 172 pertsonekin

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako agintariek ez diote Aita Mari euskal erreskate ontziari igande goizera arte porturatzen utziko. Gainera, erreskatea egin eta Salernoko portua eman diete, beste batzuk askoz hurbilago egon arren. Egun eta erdiko bidaia ahalik eta azkarren egitea zen beraien asmoa, baina Italiatik mantsoago joateko esan diete, ezingo baitute igandera arte porturatu. Beraz, erreskatatutako 172 pertsonekin hiru egun baino gehiago eman beharko dituzte itsasoan.

Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari erreskate ontziak 294 pertsonaren erreskatean parte hartu du Mediterraneoan, ResQship gobernuz kanpoko erakundeko Nadir itsasontziarekin eta Italiako kostazainekin batera. Itsas Salbamendu Humanitarioak (SMH) ohar bidez jakinarazi duenez, Salernoko portuan lehorreratuko dituzten 294 pertsona horietatik 172 Aita Mari ontzian doaz.

Oharraren arabera, Sea Watch gobernuz kanpoko erakundearen hegazkin batek zazpi txalupa prekario ikusi ditu Mediterraneoko uretan, Lampedusa uhartetik hego-mendebaldera. Maltako eta Italiako koordinazio zentroei berehala jakinarazi diete, baina Maltako agintariek ez dute erantzun eta Italiak hasieran uko egin dio esku hartzeari.

Azkenik, ordea, Italiako kostazainak bertaratu dira, eta operazioan parte hartu dute Aita Marirekin eta Nadir ontziarekin batera.

Guztira, 294 pertsona erreskatatu dituzte: 81 gizon, 15 emakume, bakarrik dauden 55 adingabe, 3 eta 10 urte bitarteko lau haur eta 0 eta 2 urte bitarteko bi haur. Saharaz hegoaldeko pertsonak dira (Ginea, Burkina Faso, Mali, Senegal eta Gambiakoak, batez ere) eta, itxura guztien arabera, Tunisiatik abiatu ziren.

Aita Mari erreskate ontzia larunbatean itsasoratu zen Castello probintziako Burrianako portutik, eta hamargarren misioa du honakoa, 2023ko bigarrena.

Aurten, 58.171 pertsona migratzaile iritsi dira Italiako kostaldera, Barne Ministerioaren erregistroen arabera, iazko epe berean iritsi zirenen bikoitza baino gehiago, eta gutxienez 26.924 hil edo desagertu dira Mediterraneoan 2014tik, mundu osoan erregistratutako 56.000 biktimen ia erdiak, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Aita Mari Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?