Gizartea -
Birziklapena
Industria eguzki plakak birziklatzeko sistemen bila ari da, energia berriztagarria zabortegira ez botatzeko
Instalazio fotovoltaikoak gero eta gehiago dira, baina oraindik garatzeke daude materialak birziklatzeko sistema eraginkorrak, energia berriztagarriaren zikloa modu egokian itxi ahal izateko. Gaur egun eguzki plakak ez dira birziklatzen Hego Euskal Herrian.
Mikel Dominguez | EITB Media
Gero eta instalazio fotovoltaiko gehiago daude planeta osoan, eta hurrengo hamarkadan joerak berdin jarraitzea espero da. Kontuan izanda ez dagoela hedatuta birziklatzeko modu eraginkorrik, zer gertatuko da eguzki plaken bizitza baliagarria amaierara iristen denean?
Hondakin fotovoltaikoak 2020an milioi bat tonakoak izatetik 2050ean 100 milioi ingurukoak izatera pasa daitezke.
Aurreikuspen orokorrek gure lurralderako ere balio dute. Euskal Autonomia Erkidegoan, Energiaren Euskal Erakundeak erregistratutako panelen instalazioak 200dik beherakoak izatetik 1600etik gorakoak izatera igaro dira, hiru urtean soilik. Instalatutako potentzia eta energia sorkuntza handituz doa, baina hondakinak ere bai, gehienez 30 urtez bizi baitira eguzki plakak.
Panelak aluminiozko marko batez babestuta daude. Hori da plakaren gainerako zatitik askatu ondoren erraz aprobetxa daitekeen elementu bakarra. Hala ere, Eneka Guenetxea Saiolaneko enpresa proiektuen arduradunak azaldu duen bezala, gainerako zatiak zabortegira botatzen dituzte.
Eguzki plaken bihotza silizioaz eta zilarraz egindako zelula fotovoltaikoen xafla bat da. Oso ondo lotuta daude, edozein gertaera meteorologikoren aurrean bizirik irauteko, baina horrek zailago egiten du materialak bereiztea, ondoren birziklatu ahal izateko.
Guenetxeak azpimarratu duenez, behar-beharrezkoa izango da materialak bereizteko eta berrerabili ahal izateko sistemak garatzea; izan ere, ez du zentzu handirik energia berriztagarria sortzeak eta, bigarren bizitza bat emanez, zikloa ixteko gai ez izateak.
Gaur egun, Hego Euskal Herrian ez dira birziklatzen. Estatu bakoitza, gainera, bere bidea ari da garatzen. Frantzia eta Alemania dira Europar Batasuneko adibiderik aurreratuenak. Frantziako kasuan, martxan dago birziklapena.
Urte gutxiren buruan, birziklatzea beharrezkoa izango da, eta errealitate bilakatuko da. Horretarako, prozesuaz gain, bilketa eraginkorrerako sistema bat diseinatu beharko da. Ziurrenik, birziklatzeko plantak gutxi eta handiak izango dira, bolumen handiak behar baitira prozesu osoa errentagarria izateko. Hala ere, hondakinak planta gutxi horietara garraiatzearen ondorioak ere kontuan hartu beharreko faktoreak izango dira.