Gizartea -

mugikortasuna

Asteazken iluntzean bertan hasiko dira Tourraren trabak nabaritzen Bilboko auzo batzuetan

Egun zailena, dena dela, uztailaren 1a izango da, egun horretan abiatuko baita lasterketa Bizkaiko hiriburutik. Hala, 09:00etatik aurrera Bilbo isolatuta geldituko da. Udaletik garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute.

Frantziako Tourreko maillot bat Bilboko eraikin batean. Artxiboko irudia
Frantziako Tourreko maillot bat Bilboko eraikin batean
Frantziako Tourreko maillot bat Bilboko eraikin batean. Artxiboko irudia

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geroz eta gutxiago geratzen da Tourra Euskal Herrira iristeko, eta gauza jakina da Bilbon eragin handia izango duela lasterketak. Hala, eta nahiz eta txirrindulariak uztailaren 1ean abiatuko diren Bizkaiko hiriburutik, asteazken iluntzetik aitzinera hasiko dira lehen trabak nabaritzen Bilboko zonalde askotan.

Amaia Arregi eta Nora Abete Segurtasun eta Mugikortasun zinegotziek, hurrenez hurren, Tourra igarotzeko antolatu dituzten segurtasun, mugikortasun eta garbiketa operatiboak aurkeztu dituzte ostegun honetan, Udaltzaingoko agintariekin batera. Nabarmendu dute Tourra ekitaldi izugarri handia dela, baina planifikazio handia eskatzeko duela.

Tourrak eragindako lehendabiziko eragozpenak ekainaren 28an, asteazkenean, hasiko dira, orduan helduko baitira lehen txirrindulari-taldeak Etxebarria parkera. Udaletik azaldu dutenez, operatiboa amaitu bitartean, uztailaren 1era arte, 50 bat puntutan itxiko dira bideak ibilgailuentzat.

Irudia: EITB

Kasu batzuetan 6 orduz egongo dira kaleak itxita eta, beste batzuetan, 72 orduz. Esaterako, Etxebarria parkerako sarbidea ez da zabalduko asteazken iluntzetik lasterketaren helmugako instalazioak guztiz desmuntatu arte.

Ekainaren 29an taldeen aurkezpena izango da Guggenheim Museoaren inguruan, eta itxi egingo dute Abandoibarra etorbidea 09:00etatik 23:00etara, Jesusen Bihotzetik hasi eta Uribitarteraino. Eta ordu berean itxiko da Euskadi plazatik hasi eta Ramon Rubial kalean zehar doan sarbidea.

Trafiko mozketa handienak ekainaren 30etik aurrera

Zirkulazio aldaketek ibilgailuentzat eta oinezkoentzat izango dute eragin gehien, batez ere ostiral gauetik larunbateko iluntzera arte. Trafiko mozketa handiak ekainaren 30ean (ostirala) iritsiko dira, irteerako (San Mames) eta helmugako (Zumalakarregi) eremuak (lehen etapako helmuga) hustu behar direlako, eta goizeko 6:30etik aurrera zirkulazioa etengo da, San Mameseko tuneletatik hasita.

Egun zailena, baina, uztailaren 1a izango da, orduan ekingo baitio lasterketak Bilbotik. Egun horretan Bilbo guztiz isolaturik geratuko da. Mugikortasunaren gaineko eragin nagusiak uztailaren 1ean izango dira, 2023ko Tourra hastearekin batera; izan ere, 9:00etarako lasterketaren ibilbide osoa moztu egingo da. Udalaren aurreikuspenen arabera zirkulazioa uztailaren 1eko 21:00ak edo 21:30ak aldera berriz irekiko da.

Irudia: EITB

Liburuxka informatiboak

Tourrak herritarrengan eragin handia izango duenez, udalak 110.000 informazio-liburuxka banatuko ditu barruti guztietan mozketak non egingo diren eta joan-etorriak nondik egin behar dituzten jakiteko. Bilboko Udalak garraio publikoa erabiltzeko gonbita egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txirrindularitza Frantziako Tourra Zer gertatu da gaur Bilbon? Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak