Gizartea -
HERRITARREN SEGURTASUNA
Ertzaintzak udako jaietan arreta areagotzeko eskatu die herritarrei lapurretak ekiditeko
Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, delitugileek, oro har, jende asko dagoen lekuetan jarduten dute, eta poltsak, diru-zorroak edo telefono mugikorrak lapurtzen dituzte, batik bat. Horregatik, hainbat gomendio eman dituzte lapurretak saihesteko.
EITB MEDIA
Hasi da uda eta opor garaia, eta, ohikoa izaten den moduan, poltsa, diru-zorro edo telefono mugikorren lapurretak nabarmen areagotuko dira. Delitu horien aurrean, Ertzaintzak arreta handiagoa jartzeko gomendatu du, lapurrak egon daitezkeelako.
Sanjoanak, San Pedro jaiak edo sanmartzialak ate-joka ditugun honetan, jai-denboraldiari ekingo diote Euskal Herriko hainbat txokotan, eta, aurreko urteetan bezala, Ertzaintzak eta udaltzaingoek segurtasun-dispositibo bereziak ezarriko dituzte ekitaldi horietan delituak prebenitzeko eta saihesteko.
Jai-esparruetara, kontzertu-guneetara edo ostalaritza-establezimenduetara jende asko joaten denez, herritarrei kontuz ibiltzeko deia egin diete Segurtasun Sailetik. Zehaztu dutenez, delitugileek, oro har, jende asko dagoen lekuetan jarduten dute, eta poltsak, diru-zorroak edo telefono mugikorrak lapurtzen dituzte, batik bat.
Hori dela eta, Ertzaintzak udan lapurretak saihesteko gomendioak eman ditu:
- Ondo gorde telefono mugikorra, diru-zorroa eta abar poltsikoan edo poltsaren barruko konpartimentuan
- Kutxazain automatiko batetik dirua ateratzerakoan, ezkutatu gorputzarekin inork ez ikusteko eta gorde dirua lehenbailehen
- Ez fidatu inguratzen den jendeaz
- Ez urrundu lagunartetik, are gutxiago argi gutxi dagoen lekuetara