Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Ekaitzen ondoren, gaur arratsaldean barealdia iritsiko da eta bihar udako giroa
Egunak aurrera egin ahala, egonkortzera egingo du eguraldiak. Hodeiak gutxituz joango dira eta atertu egingo du denean. Arratsaldearen amaieran, zeruan hodei gutxi geratuko dira barnealdean.
EITB Media
Ostegunaren hasieran, zaparrada trumoitsu batzuk botako ditu, batez ere ipar-ekialdean, eta handiak izan daitezke bertan.
Egunak aurrera egin ahala, ordea, eguraldiak egonkortzera egingo du. Hodeiak gutxituz joango dira eta atertu egingo du denean. Arratsaldearen amaieran, zeruan hodei gutxi geratuko dira barnealdean.
Bestalde, ipar-haizea ibiliko da eta tenperaturak berdintsu jarraituko du; maximoak gutxi igoko dira, 22-23 ºC inguruan geratuko baitira.
Ostiralean, udako giroa nagusituko da. Eguzkia izango da jaun eta jabe; goizean goiz, lainoguneak sortuko dira barnealdeko zenbait tokitan eta behe-hodei batzuk ager daitezke kostaldean egunaren lehenengo partean.
Arratsaldean, haizea iparraldetik finkatu eta indartu egingo da, baina tenperatura maximoek gora egingo dute nabarmen. Tenperatura minimoak, aldiz, jaitsi egingo dira.
Horrela, azken egunetako ekaitzak baretu egingo dira, eta egun beroagoak eta eguzkitsuagoak izango dira asteburuan.
Nafarroan, atzo, ekaitzak izan zituzten berriro, trumoi eta tximista dentsitate handiarekin. Gogotik bota zuen Iruñeko ipar-mendebaldean, Irunberrin, Agoitzen eta Erriberan.
Bitartean, Zumaiako Udalak (Gipuzkoa) beharrezko izapideak abiatu ditu hondamendi eremu izendatzea eskatzeko, astearteko harri-erauntsiak kalteak eragin baitzituen kalean aparkatutako 300 auto baino gehiagotan, fatxadetan eta teilatuetan.