Gizartea -
Euri-jasa handiak Nafarroan
Ekaitzek putzuak eta uholdeak eragin dituzte Iruñeko ipar-mendebaldean, Irunberrin, Agoitzen eta Erriberan
Ekaitzak oso gogorrak izan dira Urbasan eta Nafarroako hegoaldean 18:00ak aldera. Gainera, larrialdietako langileek Irunberrin eta NA-150 errepidean esku hartu behar izan dute.
Agentziak | EITB Media
Nafarroan ekaitzak izaten ari dira berriro gaur, trumoi eta tximista dentsitate handiarekin. Azken orduetan, Iruñeko ipar-mendebaldean, Irunberrin, Agoitzen eta Erriberan gogotik bota du.
Arratsaldean zehar, Estatuko Meteorologia Agentziaren arabera, ekaitzak oso gogorrak izan dira Urbasan eta Nafarroako hegoaldean 18:00ak aldera, eta Foru Erkidegoko beste eremu batzuetara zabaldu dira gero, abisu laranjan baitago ekaitzengatik.
Larrialdietako langileek hainbat herritan esku hartu behar izan dute, hala nola Irunberrin eta NA-150 errepidean, 39. kilometroan. Ondorioz, bertatik ez zirkulatzea gomendatu dute, Guardia Zibilak jakitera eman duenez.
Foruzainak eta suhiltzaileak Zangozako merindadean aritu dira lanean, batez ere Irunberrin, arratsaldeko prezipitazio handiengatik.
19:30ean, ur-erauntsi batek NA-178 errepideko hiri-zatia urez bete du, eta ura etxebizitza batzuetara sartu da.
Irunberriko eta Zangozako patruilak bertaratu dira, eta trafikoa eten dute adinekoen egoitzatik udalerriko sarreraraino. Suhiltzaileak hustubideak garbitzen eta ura ateratzen aritu dira bertan.