Gizartea -

GREBA

Greba feminista orokorra deitu dute azaroaren 30erako, zaintza eskubide kolektiboaren alde

Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin du deialdia, "zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde, zaintza eskubide kolektiboaren alde". Halaber, azpimarratu du bizitza duinen aldeko borroka dela.

2023ko martxoaren 8ko manifestazioa Gasteizen. Argazkia: EFE
2023ko martxoaren 8ko manifestazioa Gasteizen. Argazkia: EFE
2023ko martxoaren 8ko manifestazioa Gasteizen. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba feminista orokorra deitu du azaroaren 30erako, zaintza eskubide kolektiboaren alde. Zaintza eskubide unibertsalaren aldeko greba bat deituko zuela iragarri zuen martxoaren 8an, eta gaur jakinarazi dute data.

Gaur goizean zabaldutako ohar batean azaldu duenez, "zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde, zaintza eskubide kolektiboaren alde", "pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka" eta "zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan" bizi diren emakumeen eskubideen alde aterako dira kalera, eta "egungo sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna exijitzeko".

Halaber, beste hamaika aldarri ere jarriko dituzte erdigunean: "Finean, bizitza duinen aldeko borroka da hau, bizitza osoan zehar zainduak izateko eta konpromiso berdinaz zaintzeko eskubidea lortzeko". 

Denon bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatuko dute azaroaren 30ean, eta horretarako zaintza sistema publiko eta komunitario bat behar eta nahi dutela nabarmendu dute.

Amaitzeko, Euskal Herriko Mugimendu Feministak auzo eta herrietako deialdietara batzeko deia egin die euskal herritar guztiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna