Gizartea -
Gastronomia
Etxebarri, Elkano eta Mugaritz, munduko 50 jatetxe onenen artean
Bittor Arginzonizen Etxebarri erretegiak Top-5ean jarraitzen du, 4. sailkatu baita "The World's 50 Best Restaurants 2023" zerrendan; Aitor Arregiren Elkano jatetxea 22. postuan sailkatu da, eta Andoni Luis Adurizen Mugaritzek eskuratu du zerrendako 31. lekua.
EITB Media
"The World's 50 Best Restaurants 2023" zerrendak EAEko hiru jatetxeren lana saritu du.
Bittor Arginzonizen Etxebarri erretegiak (Atxondo, Bizkaia) Top-5ean jarraitzen du, laugarren postuan sailkatu baita. "Sukaldariaren parrilla doigarriek ezin diote utzi mundu guztiarentzat gustukoenak diren platerak ekoizteari, hala nola txorizoa, txuleta eta baita kabiarra ere", azpimarratu dutenez.
Aitor Arregiren Elkano jatetxea (Getaria, Gipuzkoa) 22. postuan sailkatu da. The World's 50 Besten arduradunen esanetan, Arregik "aitak parrillan estandar berriak ezartzeko utzitako ondarearekin jarraitzen du". "Menuan bakailao kokotxak eta otarrain marinatuak sartzen dira, baina ez joan erreboiloa arranbarrilan probatu gabe", gomendatu dute.
Andoni Luis Adurizen Mugaritzek (Errenteria, Gipuzkoa) eskuratu du zerrendako 31. lekua. "Emozioak, gogoetak eta lotsagabekeria apur bat egosten ditu bere plater deigarri bakoitzean", azpimarratu du epaimahaiak. Gainera, Adurizek aurtengo Icon Award saria jaso du.
Central jatetxe perutarra, munduko onena
Peruko Central jatetxea sailkatu da aurten "The World's 50 Best Restaurants" zerrendako lehen postuan, Bartzelonako Disfrutar eta Madrilgo DiverXO jatetxeen aurretik.
Virgilio Martinez sukaldaria buru duen Hego Amerikako jatetxeak urtebetean bigarren tokitik lehenengora jauzi egin du, eta iaz munduko jatetxe onenaren izendapena jaso zuen Danimarkako Geranium ordezkatu du.
Bigarren tokia Mateu Casañas, Oriol Castro eta Eduard Xatruch sukaldarien Bartzelonako Disfrutar jatetxearentzat izan da. Halaber, Europako jatetxerik onenaren saria ere eskuratu du. Bestalde, Dabiz Muñoz sukaldari madrildarraren DiverXO jatetxeak postu bat egin du gora, sailkapeneko hirugarren postuan kokatu baita.