Gizartea -

Ingurumena

2030erako EBren "estandar berriak urratuko lituzkeen" airea arnastu zuten herritarren % 70ek

Ekologistak Martxan-ek salatu duenez, kutsadurak herritar guztiei eragin zien 2022an, OMEk gomendatutako balioak kontuan hartuta, baina ez ziren gainditu legezko mugak, gomendio horiek baino laxoagoak baitira.

Datuak txarragoak izan dira pandemiaren ostean mugikortasun motorduna areagotu delako. Argazkia: EFE
Datuak txarragoak izan dira pandemiaren ostean mugikortasun motorduna areagotu delako.
Datuak txarragoak izan dira pandemiaren ostean mugikortasun motorduna areagotu delako. Argazkia: EFE

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko hamar pertsonatik zazpik "Europar Batasunak 2023rako proposatutako legezko estandar berriak urratuko lituzkeen" airea arnastu zuten iaz, baina inor ez zen aire kutsatuaren eraginpean egon egungo "araudiaren estandarren" arabera, EAEn 57 neurketa-estazio ofizial aztertu dituen Ekologistak Martxan taldearen txosten baten arabera.

Gainera, herritar guztiei eragin zien aire kutsatuak, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dituen gehieneko kutsadura balioak kontuan hartuta. Legezko mugak, ordea, gomendio horiek baino "laxoagoak" dira. Hala ere, Europako Ingurumen Agentziaren datuen arabera, "urtero 25.000 pertsona hiltzen dira behar baino lehen Espainiako Estatuan airearen kalitate txarrak larriagotutako gaixotasunen ondorioz".

Ekologistak Martxan-ek nabarmendu duenez, airearen kalitateak okerrera egin du Euskadin 2020 eta 2021 urteekin alderatuta, ozonoa eta partikula esekiak "nabarmen" igo baitira. Nitrogeno dioxidoa ere igo da, baina gutxiago, eta ez da iristen pandemiaren aurreko kontzentrazio mailara.

Talde ekologistak azaldu duenez, 2022 oso urte lehorra izan zen, eta "1961az geroztik, gutxienez, beroena Espainiar estatuan". Egonkortasun atmosferiko horrek partikulen bidezko kutsadura aktibatu zuen, gehienak Afrika iparraldetik etorritakoak. Udako "gehiegizko" beroak, bestalde, ozonoa handitzen lagundu zuen. "Klima aldaketa faktore erabakigarria da airearen kalitate txarreko gertakariak larriagotzeko", azaldu du.

Hala ere, airearen kalitatearen datuak txarragoak izan dira pandemiaren ostean mugikortasun motorduna areagotu delako eta jarduera ekonomikoa suspertu delako. Beraz, taldearen esanetan, hirietako airearen kalitatea hobetzeko modu bakarra "trafiko motorduna murriztea da, oinezkoen eta bizikleten mugikortasun aktiboa eta garraio publiko garbia sustatuz".

Ekologistak Martxan-ek gogorarazi du 50.000 biztanletik gorako hiri "gutxik" ezarri dituztela "emisio txikiko eremuak", epea amaitu den arren, eta alkate berriei eskatu die lehentasuna eman diezaiotela herritarren osasunari, "gutxi justifikatutako hauteskunde kalkuluen gainetik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Ingurumena Munduko Osasun Erakundea