Gizartea -

LEHEN ARRETA

Gipuzkoako Sendagileen eta Erizainen Elkargoak kezkatuta daude Etengabeko Arretako Guneen egoerarekin

Aste Santutik zerbitzu hori betetzeko "profesional gutxi" daudela salatu dute idatzi batean. Bi elkargo horien arabera, etengabeko arreta eskaintzen duten gune horiek guztiz "funtsezkoak" dira herritarrentzat.

Gasteizko anbulatorio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Gasteizko anbulatorio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Gasteizko anbulatorio bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Erizainen Elkargoa eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargoa "oso kezkatuta" agertu dira astearte honetan Etengabeko Arretako Guneen (aurrerantzean, EAG) egoerarekin; izan ere, "Aste Santutik zerbitzu hori betetzeko profesional gutxi" daudela salatu dute idatzi batean. Bi elkargo horien arabera, etengabeko arreta eskaintzen duten gune horiek guztiz "funtsezkoak" dira herritarrentzat.

Arreta-gune horiek, ospitalez kanpoko edozein larrialdi mota jasotzen dute, eta, nahiz eta Osakidetzak argi ezartzen duen gune horietan medikuntzako, erizaintzako eta Administrazio Arloko profesionalak egon behar direla, "norbere funtzioak betez, Aste Santutik hona ez da hori gertatzen ari". 

Bi elkargoek salatu dutenez, behin baino gehiagotan profesional medikorik gabe kudeatzen dira gune hauek: "Administrazio Arloko profesionalek lehen instantzian betetzen dituzte beren eginkizunak, eta erizainek bigarren instantzian egiten dituzte beren balorazioak eta triajea, beren funtzioen eta eskumenen arabera. Honen guztiaren ondorioz, erizainak, egoera bat sendagileari bideratu behar dionean, medikurik ezean, pazientea ospitaleko larrialdietara bidali behar du".

Hala, etengabeko arreta eskaintzen duten gune horietan diziplina anitzeko arreta eman ezin izateak, ezarrita dagoen bezala, "estres eta segurtasunik ezaren sentsazio handia" eragiten die zerbitzu horretan lan egiten duten profesionalei, baita pazienteei ere, eta "horrek guztiak zalantzan jartzen du pazienteek merezi duten osasun-arretaren kalitatea".

Bi elkargoek uste dute arreta-gune horietan bizitako egoerek "marra gorri guztiak" gainditzen ari direla eta jokabide horrek deontologia mediko zein erizainaren aurka ere egiten duela. Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Erizainen eta Sendagileen Elkargoek erakundeei eskatzen diete "behar diren neurri guztiak" har ditzatela Etengabeko Arretako Guneetan ematen den zerbitzua bere osotasunean berma dadin, argi utziz profesional medikoen falta ez dela inolaz ere aitzakia EAGak medikuekin ez osatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Donostia Ospitalea Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak