Gizartea -
MATXISMOA
Kartzelara bidali dute Gallartan atxilotutako feriantea, 20 bat adingaberi sexu-erasoa egitea leporatuta
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, 26 urteko gizonak 20 bat emakumeri sexu-erasoak egin dizkien argitzeko. Orain arte, 19 salaketa jaso dituzte, eta biktima guztiak adingabeak dira, bat izan ezik.
EITB MEDIA
Gallartan (Bizkaia) ia hogei adingaberi sexu-erasoa egitea egotzita atxilotutako 26 urteko feriantea espetxeratu egin dute astelehen honetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez.
Gaur goizean Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren esku utzi ostean, epaileak behin-behinean espetxeratzeko agindu du, sexu-erasoa egotzita. Bitartean, Ertzaintzak gertatutakoa ikertzen jarraitzen du.
Lehen ikerketen arabera, atxilotuak ukituak egin zizkien adingabe batzuei asteburuan, udalerri horretan jarritako atrakzio batean.
Gauzak horrela, gizona ikertzen ari dira, sexu-eraso horien erantzulea delakoan. Ertzaintzak 19 salaketa jaso ditu orain arte, eta biktima guztiak adingabeak dira, bat izan ezik.