Gizartea -
Urteroko omenaldia Artxandan
Bilbo defendatu zuten bi milizianoren gorpuzkiak entregatu dizkiete senideei
Luis Gauna Urrutia eta Angel Perez Puertas 1937ko udaberrian desagertu ziren, Bilbo frankistengatik defendatzeko egiten ari ziren batailetan. Gorpuzkiak iaz aurkitu zituzten Bilboko kanposantuko hobi komun batean.
Agentziak | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak igande honetan eman dizkie beren senideei Bilboren defentsan parte hartu zuten bi milizianoren gorpuzkiak. Begoñako hilerriko hobi komun batean aurkitu zituzten iaz, Bilbon. Entrega Artxanda mendian egin dute, La Huella eskulturaren aurrean, urtero gudariak eta milizianoak omentzeko ekitaldian.
Luis Gauna Urrutia eta Angel Perez Puertasen gorpuzkiak Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak entregatu dituzte.
Luis Gauna Urrutia eta Angel Perez Puertas 1937ko udaberrian desagertu ziren, Bilbo frankistengatik defendatzeko egiten ari ziren batailetan. Gorpuzkiak iaz aurkitu zituzten Bilboko kanposantuko hobi komun batean.
Luis Gauna Artzentalesen jaio zen 1913ko uztailaren 13an, baina desagertu zenean Zallan bizi zen. Jakin ahal izan denez, 1937ko ekainaren 13an Artxanda mendian hil zen, eta Capitan Casero 52. batailoiko kide izan zen.
Gogora-Memoriaren Euskal Institutuko DNA bankuari esker identifikatu ahal izan dira gorpuzkiak, eta hildakoaren bigarren iloba baten lagin berri batekin baieztatu da.
Angel PErez Puertas, berriz, Valladolidekoa zen, baina Barakaldon bizi zen. 40 urterekin desagertu zen Artxanda mendian, UGT – 8 Jean Jaures 48. Batailoian borrokatzen ari zela.
Horiekin batera, Gogora Institutuak hirugarren miliziano bat identifikatzea lortu du, Lucas Galbete Gainza nafarra. Haren gorpuzkiak modu pribatuan entregatuko dituzte, familiak hala eskatuta.
Nerea Melgosak balioa eman dio gorpuzkiak berreskuratzeari eta familiei entregatzeari, horrek berreskuratutakoaren, belaunaldi haren eta herrialde oso baten duintasuna adierazten dituelako.