Gizartea -

AKORDIOA

Azpeitian bere buruaz beste egin zuen langilearen familiari kalte-ordaina emango dio enpresak

Akordioa itxi dute Luis Enrique Soriano bere buruaz beste egin zuen langilearen familiaren abokatuek eta enpresak. Hala, ekainaren amaieran egiteko zen epaiketa bertan behera geratu da. "Eragindako min eta kalte moral eta materialen ondorioz", enpresak kalte-ordaina emango dio gaztearen familiari.

Elkar-ekineko eta ESK-ko kideak eta gaztearen ama, artxiboko irudi batean. Argazkia: ESK.
Elkar-ekineko eta ESK-ko kideak eta gaztearen ama, artxiboko irudi batean.
Elkar-ekineko eta ESK-ko kideak eta gaztearen ama, artxiboko irudi batean. Argazkia: ESK.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Enrique Soriano 20 urteko Azpeitiako bizilagunak bere buruaz beste egin zuen 2021eko uztailean, lan egiten zuen enpresan bertan. Esana zuen "ezin zuela gehiago" zituen lan-baldintzekin. ESK sindikatuak argi zuen prekarietateak eraman zuela gaztea muturreko erabaki hori hartzera, eta epaitegietara jotzea erabaki zuen, gertatutakoa lan-istripua izan zela salatzeko. Hil honen amaieran zen egitekoa Donostiako Lan Arloko 1. zenbakidun Epaitegian kasuari buruzko epaiketa, baina aldeek aste honetan lortutako akordio bati esker, bertan behera geratu da.

Hala jakinarazi du Azpeitiko Elkar-ekin taldeak —gaia publikoki salatu zuen plataformak— ohar bidez.  Antza, Sorianoren senideen abokatuak eta enpresaren ordezkariak akordio batera iritsi ziren asteazkenean, abiatzekoa zen prozesu judiziala bertan behera utziz. Zabaldutako oharraren arabera, enpresak kalte-ordaina eman beharko dio gaztearen familliari, "eragindako min eta kalte moral eta materialen ondorioz".

Akordio lorpentzat hartu du Elkar-ekin taldeak, enpresak eragindako "kalte moralen eta materialen errekonozimendu argia" jasota geratu delako.

Bere aldetik, enpresak ere agiria zabaldu du asteon, akordioaren berri emateko. Gaztearen heriotzagarik "atsekabea" adierazi ondoren,  Justiziarekin "elkarlanean" aritu dela nabarmendu du lantegiak. Halaber, gertakaria jazo zenetik kaleratu diren "informazioak enpresarekin ez direla inoiz kontrastatu" adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Azpeitia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak ESK