Gizartea -
Txertoak
Osasun publikoaren kontrako delitua egoztea ere aurreikusi dute haurrak ustez txertatzen ez zituen erizainari
40 bat familiak salaketa aurkeztu dute Santurtziko erizan horren kontra. Osasun beharginak lan egiteari uztea eta Osakidetzak bere ardura onartzea nahi dute.
Agentziak | EITB Media
Santurtzin, Kabiezesko osasun-zentroan, haurrak ustez txertatzen ez zituen erizainak epailearen aurrean deklaratuko du gaur, Barakaldoko Instrukzio Epaitegian.
Santurtziko 42 familiak —80 adingabe inguru egon litezke kaltetuta— salaketa jarri zuten elkarrekin, Kabiezes auzoko osasun-zentroan haurrak txertatzeko plantak egiten zituen erizainaren aurka. Osasun langileari dokumentuak faltsutzea eta funts publikoak bidegabe erabiltzea egotzi diote salaketan. Horrez gainera, orain, Aitzol Asla familien abokatuak aurreratu duenez, "gero eta argiago" ikusten ari dira osasun publikoaren kontrako delitu bat ere egoztea erizainari.
Akusazioaren arabera, erizainak "adin txikikoen txertoen egutegia betetzen zuen, txertoak jarri ez arren", eta "Osakidetzak eskura jarritako materiala ez zuen egoki erabiltzen"; "alferrik galtzen zuen, ez baitzion zegokion erabilera ematen".
Aslaren hitzetan, helburu bi dituzte: alde batetik, "erizainari kolegiatu zenbakia kentzea eta, horrela, lan egitea eragoztea", eta, bestetik, "Osakidetzak ardura bere gain hartzea, itxura batean luzaroan izan direlako gertakizun larri hauek".
Kasua 2022ko urrian eman zen ezagutzera. Orduan, hainbat gurasok Osakidetzari erizain honen ekintzen berri eman zioten. Haien ustez, jarrera susmagarria zuen, "txertoen aurkako komentarioak egiten zituelako" eta "txertoa ematean, azkarregi, modu prezipitatuan aritzen zelakoa".
Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Pediatria Sailak ikerketa abiatu zuen, eta hainbat proba serologiko egin zizkien adin txikikoei, umeen antigorputzen maila neurtzeko. Ondoren, espedientea zabaldu zion erizainari, eta haren ardurapean zeuden 400 umeak sartu zituzten ikerketan.
Azkenik, 50 familiari deitu zieten analisi serologikoetatik ateratako emaitzen berri emateko, eta txertoen dosi bat gehiago jartzea eskaini zieten, umeek "antigorputzen maila egokia izan dezaten".