Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Genero-indarkeriagatik jarritako salaketak % 3 igo dira EAEn, eta % 56,6 Nafarroan
Euskal Autonomia Erkidegoan 1.490 salaketa jarri dira, eta Nafarroan, berriz, 717. Alde batetik, datu positiboa da, biktimak ez direla isilik geratzen erakusten duelako, baina horrek agerian uzten du emakume askok oraindik genero-indarkeria jasaten dutela.
EITB MEDIA
Aurtengo lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino salaketa gehiago jarri dira genero-indarkeriagatik Hego Euskal Herrian, Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak asteazken honetan zabaldutako datuen arabera. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) epaitegietan zein polizia-etxeetan, 1.490 salaketa jarri dira, eta Nafarroan, berriz, 717.
Datu horiek % 3ko igoera adierazten dute EAEn, iazko epe bereko datuekin alderatuta, eta % 56,6koa Foru Erkidegoan. Hain zuzen ere, Euskadin 42 salaketa gehiago aurkeztu dira genero-indarkeriagatik urtarrilaren 1a eta martxoaren 31 bitartean, eta Nafarroan, 259 salaketa gehiago.
Salaketen kopuruak gorakada nabarmena izan du, Nafarroan bereziki, eta horrek irakurketa bikoitza izan dezake. Alde batetik, datu positiboa da, biktimak ez direla isilik geratzen eta salaketak jartzen dituztela erakusten duelako. Bestetik, ordea, datu horrek agerian uzten du emakume askok oraindik genero-indarkeria jasaten dutela. Ondorioz, min handia eragiten zaie emakume askori oraindik.
Testuinguru horretan, indarkeria matxistari aurre egiteko egun dagoen erronka nagusietako bat biktimei behar duten babesa eskaintzea dela adierazi du Angeles Carmona Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiko presidenteak. Horren iritziz, bikotekideak edo bikotekide ohiak salatzeko laguntza eman behar zaie biktimei, "urrats zail hori emanez gero etorkizun hobe bati hasiera emateko aukera izango dutelako".
Horrenbestez, salaketa jarri nahi duten emakumeak epaitegian edo polizia-etxean sartzen direnean, seguru sentitu behar dira, Behatokiko presidentearen hitzetan. Hain zuzen ere, salaketa da delitu horiek zigorrik gabe ez uzteko modu bakarra, "Justiziari bide emanez".
Hiru kasutik bitan, biktimak berak aurkeztu du salaketa lehen hiruhilekoan, bai epaitegian, bai komisarian. Biktimaren gertukoek aurkeztutako salaketak, berriz, % 1,84 baino ez dira Espainiako Estatuan.
Era berean, lehen hiruhilekoan, epaitegiek 146.327 salaketa jaso dituzte guztira, aurreko urteko aldi berean baino % 10,92 gehiago (41.765). Indarkeria matxistaren biktimak 45.154 izan dira, duela urtebete baino % 11,54 gehiago, orduan 40.481 zenbatu baitziren.