Gizartea -
Kontziliazioa
Lau langiletik batek zailtasun handiak ditu lan-bizitza eta familia betebeharrak bateratzeko
Eustatek lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko 2022ko inkestaren datuak kaleratu ditu. Aldea gutxitzen ari bada ere, emakumeek oraindik ere egunean 1,1 ordu gehiago eskaintzen diote seme-alaben zaintzari.
EITB Media
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren pertsona okupatuen % 28,1ek aitortzen dute zailtasun ugari dituztela lana eta seme-alaba adingabeen zaintza bateragarri egiteko, eta % 28,9k diote zailtasun-maila bera dutela mendeko pertsonei arreta emateko. Horiek dira Eustat Euskal Estatistika Erakundeak lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruz egin duen azken inkestaren emaitzetako batzuk.
Zailtasun-maila altu hori lana eta jarduera pertsonalak bateratzeko orduan ere gertatzen da. Lana daukatenen % 24k hala adierazi dute.
Genero-ikuspegitik begiratuta, ezberdintasunik handiena seme-alaben zaintza bateratzean gertatzen da: emakumeen % 30ek eta gizonen % 26,2k zailtasun handiak dituzte bi zeregin horiek bateratzeko.
Zaintzarako (bai seme-alabena, bai mendeko pertsonena) egunean eskaintzen den denborari dagokionez ere, aldeak daude gizonen eta emakumeen artean. Hala, etxetik kanpo lan egiten duten eta 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeek egoera berean dauden gizonek baino 1,1 ordu gehiago ematen dituzte egunean zeregin horietan; emakumeek 4,7 ordu ematen dituzte eta gizonek 3,6.
Era berean, landunek euren kargura dauden mendekoak zaintzen ematen dituzten orduei begiratuta, emakume landunek, batez beste, 0,6 ordu gehiago ematen dute egunean gizonek baino (2,3 eta 1,7 ordu, hurrenez hurren).
Etxeko lanen banaketa ere ezberdina da gizon eta emakume landunen artean: 3 ordu edo gehiago ematen dituzte lan horietan gizonen % 12,3k eta emakumeen % 26,7k (bikoitza baino pixka bat gehiago).
Hala ere, zaintzetan eta etxeko lanetan egunean ematen duten denborari dagokionez, gizon eta emakumeen arteko aldeak balio minimoetara iritsi dira 2022an. Seme-alaben zaintzan, adibidez, gero eta denbora gehiago igarotzen dute gizonek. Alde hau da gehien txikitu dena.
Eszedentziak edo murrizketak eskatzeko beldurra
2022an lana zeukaten pertsonen % 27,6k aitortu zuten beldur zirela familia-arrazoiengatik eszedentziak edo lanaldi-murrizketak eskatzeko. Beldur hori handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino (% 31,3 eta % 24,2, hurrenez hurren).
Aitatasun eta amatasun baimenak hizpide hartuta, gizonen % 16,8k uste dute aitatasun-baimena eskatzeak "eragin oso negatiboa" izango lukeela eurengan. Hala ere, gizonen % 9,6k baino ez dute uste aitatasunak "eragin nabarmena" izan dezakeela, emakume landunen % 26,1en aldean; izan ere, emakume horien ustez, amatasunak sustapen-desberdintasunak eragin ditzake eurengan.