Gizartea -

ARAUDIA

Aldaketak egingo dituzte EAEko erresidentzietan, logela handiagoak eta arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko

Dekretu berriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 450 egoitzari eragingo die, eta sei urte izango dituzte erreforma horiek egiteko. Erresidentziak hiru urtean behin ebalutuko dituzte modu integralean.

EAEko erresidentzia bat. Artxiboko argazkia: EFE
EAEko erresidentzia bat. Artxiboko argazkia: EFE
EAEko erresidentzia bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak adinekoentzako egoitzen dekretua berritu nahi du, hainbat aldaketa eginez, egoiliarrei eta horien senideei arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko. Besteak beste, erresidentzietan instalazioak hobetzeko egin beharko liratekeen aldaketak jasotzen dira aurrerago onartu beharko den dekretuaren zirriborroan. Aurrerantzean, batik bat banakako komunak izango dituzten logela handiagoak izatea espero dute.

Ildo horretatik, dekretuak zuzeneko arretako langileen ratioak % 15 handitzea jasotzen du, eta pertsonal faltari aurre egiteko, laguntzaileek erizainen zereginak egiteko aukera biltzen du. Horrez gain, eraikin berriei egoiliarren muga jarriko zaie, ezingo dituzte 150 plaza baino gehiago izan, eta zaintza-moduluak antolatuko dituzte, horietako bakoitzean gehienez 25 egoiliarrentzako lekua eskaintzeko. Helburu nagusia da familia-ingurunea sortzea, eta zentroek modulu bakoitzari esleitutako langileak izan beharko dituzte, egoiliarrekiko konfiantza sustatzeko.

Nolanahi ere, oraindik eraiki gabe dauden adinekoentzako zentroak eta gaur egun zabalik daudenak bereizten dira dekretu horren zirriborroan, dagoeneko martxan dauden erresidentziek plazen muga hori errespetatu behar izan ez dezaten.

Halaber, arreta pertsonalizatuagoa izan dadin, dekretuak ez du baztertzen zahar-etxeetako laguntzaileek erizainen zereginak egitea hala dagokionean, baina sei hilean behin egiaztatu beharko da osasun arloko langileak kontratatzeko ahalegina egin dela, kasuan kasu ezarritako profilen arabera. Jaurlaritzak egoiliarren, senideen, profesionalen eta gainerakoen parte-hartze aktiboa sustatu nahi du, arreta pertsonalizatua bermatzeko asmoz.

Bizitzaren amaiera bermatzeko, Osakidetzako laguntza-zerbitzuekin koordinatzeko mekanismo bat egituratuko da, pertsona batek bere etxean jaso dezakeen arreta bera jaso dezan egoitzetan ere, betiere adinekoen eskubideak eta duintasuna bermatzeko.

Horiek dira adinekoentzako egoitzen dekretu berriak jasotzen dituen aldaketa nagusiak. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren oniritzia du dagoeneko, eta Gobernu Kontseiluaren onespena beharko du onartu aurretik. Dena dela, oraindik ez dago horretarako datarik aurreikusita. Dekretu berriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 450 egoitzari eragingo die, eta sei urte izango dituzte erreforma horiek egiteko. Erresidentziak hiru urtean behin ebaluatuko dituzte modu integralean.

Gainera, oraindik onartzeko dagoen dekretu berrian, adinekoen egoitzak intentsitate handiko zentro gisa hartuko dituzte, eta, hori dela eta, zaintzaileen eta osasun langileen arreta 24 orduz bermatuta egon beharko da, baita asteburu eta jaiegunetan ere. Nolanahi ere, osasun arrisku txikiko kontsultak eta aholkuak telematikoki eskaintzeko aukera ere jasotzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Adinekoak