Gizartea -

Manifestazioa

Euskarak etorkizuna baduela eta eskura nahi dutela aldarrikatu du Sorionekuak ekimenak Iruñean

10.000 euskaltzalek manifestazioa egin dute Nafarroako hiriburuaren erdigunetik; 17:30ean abiatu dira Antoniutti plazatik.

10.000 pertsona manifestatu dira gaur Iruñean euskararen alde. Argazkia: EFE
10.000 pertsona manifestatu dira gaur Iruñean euskararen alde. Argazkia: EFE
Euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute milaka lagunek Iruñean

0:37

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko kaleak hartu dituzte 10.000 euskaltzalek gaur, larunbatean, Sorionekuak ekimenak deituta. Goizeko 11:00etatik aurrera, askotariko ekitaldiak egin dituzte Nafarroako hiriburuan, "euskararen etorkizunari ongietorria egiteko"; 17:30ean, berriz, egun osoko festari amaiera emateko eta euskaraz bizi nahi dutela ozen entzunarazteko manifestazioa abiatu dute, Antoniutti plazatik.

Gaurko egunez, eta urtarrilean egin zuten bezala, Nafarroan euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute milaka lagunek. Hala ere, deitoratu dute askotariko zailtasunak topatzen dituztela horretarako bidean, hala nola hezkuntzan, administrazioan edota kulturan.

Hala adierazi du manifestazioaren amaieran Saioa Crespo Tuterako Argia ikastolako zuzendariak. Dioenez, euskara euren egunerokotasunean dago, baina oraindik ere leku gehiago nahi dute: "Euskaraz aritu nahi dugu, ari garela konturatu gabe ere". Era berean, azpimarratu du euskara ez dela inondik heldu Nafarroara, baizik eta euskara "nafar guztiona" dela. "Euskara Nafarroa da, eta Nafarroa euskara da".

Deitzaileek kexu dira Nafarroan, eremuaren arabera, hizkuntza-eskubideak ezberdinak direla, eta, horren aurrean, "zorioneko" izan nahi dutela azpimarratu dute, "2023ko sorionekuak", euskaraz blaituta bizi ahal izateko aukerarekin.

Hori dela eta, gaurko manifestariek eskatu dute euskarak bere lekua eta prestigioa izan dezan Nafarroan, "dagokiona", eta, horretarako, gaur kalera atera diren milaka herritarrek egin duten moduan, administrazioak erantzukizuna bere gain har dezala exijitu dute. "Ez dugu merezi oztopo gehiagorik, sinpleki giza-eskubidea da. Ezin da ulertu, ezin da onartu eta ezin da gozatu euskararik gabeko Nafarroa", amaitu du Crespok bere agerraldia.

Gaurko manifestazioarekiko atxikimenduen zerrenda luzea da, eta horien artean daude euskalgintzako eragile nagusiak, hezkuntzaren alorreko hainbat elkarte, eta beste horrenbeste  sindikatu, alderdi eta gazte erakunde. Gainera, Sorionekuak egitasmoarekin bat eginda, Foru Erkidegoko hainbat udalerritan ere ekitaldi propioak egin dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Iruñea azken orduko berriak Nafarroako albisteak Gizartea Gaurko titularrak Azken kultur albisteak Albisteak Jaiak