Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat kartzelara bidali dute Iruñean, genero-indarkeria delitu bat egotzita
25 urteko gizasemeak bi ukabilkada eman zizkion duela egun batzuk ama izandako emakume bati, harengana hurbilduz eta maiatzean ezarritako urruntze-agindua urratuz.
EITB MEDIA
25 urteko gizon bat kartzelara bidali dute Iruñean, genero-indarkeria delitu bat egotzita, urruntze-agindua urratu ondoren, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar batean jakitera eman duenez ostiral honetan.
"Auzipetuaren aurrekari penalak ikusita" hartu du gizona espetxeratzeko erabakia epaileak. Izan ere, orain urratu berri duen urruntze-agindua maiatzean bertan ezarri zitzaion, genero indarkeriarekin lotutako antzeko beste delitu bat leporatuta. Horrez gain, "gertakizunen berezko larritasuna" aipatu du magistratuak epaian.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, astelehenean, gizasemeak bi ukabilkada eman zizkion duela egun batzuk ama izandako emakume bati, harengana hurbilduz eta duela hilabete bat ezarritako urruntze-agindua urratuz.
Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko epaileak asteazken honetan espetxeratu zuen auzipetua, eta egotzitako gertaerekin ados zegoela adierazi zuen gizonak. Horrez gain, 8 hilabeteko espetxe-zigorra onartu zuen, tratu txarren delitua eta berrerortze astungarria egotzita.
Auzipetuari 33 egunez gizartearentzat lan egiteko zigorra ezarri zioten maiatzaren 10ean, genero-indarkeriarekin lotutako tratu txarren delitu bat leporatuta. Irmoa zen epai horretan, 6 hilabetez bikotekide ohiarekin komunikatzeko debekua ezarri zitzaion, baita urruntze-agindua ere, baina ekainaren 5ean neurri horiek urratu zituen Iruñean.