Gizartea -
familiak
Guraso bakarren eskubideak jasoko dituen araudia garatzeko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari
Elkarrekin Podemos-IU, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE taldeek erdibideko zuzenketa bat adostu dute, PP+Cs-k ere babestu duena. Helburua da familia mota horiei laguntzeko prestazio eta baliabide zehatzak egotea. MSPE ama bakarren elkarteak pozez hartu du, euren errealitatea "ikustarazten" duelako.
Agentziak | EITB Media
Eusko Legebiltzarrak guraso bakarreko familien eskubideak eta eurentzat propio pentsatutako baliabide eta prestazioak jasoko dituen araudia garatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, lege zehatz bat izateak Euskadin "feminizazioarekin eta haur pobreziarekin lotutako fenomenoak ezabatzen" lagunduko duelakoan dago euskal ganbera.
Ekimena Elkarrekin Podemos-IUk eraman du Legebiltzarrera, eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE taldeekin erdibideko zuzenketa bat adostu du. PP+Cs-k ere alde bozkatu du, eta Vox abstenitu egin da. Hauteskundeen aurrerapenaren ondorioz, bertan behera geratu da Espainiako Gobernuak proposatutako Familien Legea, eta ingurumari horretan heldu da eztabaida Gasteizko ganberara.
Guraso bakarreko egoeran dauden familien kontzeptua definitzeko, eta familia mota horiei zuzendutako printzipio, eskubide, zerbitzu eta prestazioak ere zehazteko eskatu dute testuan.
Halaber, foru erakundeei eskatu diete zerga alorrean garapen esparru bat ahalbideratzeko familia zaurgarrien eta batez ere guraso bakarreko familieen egoera kontuan hartuta. Aipatzekoa da guraso bakarreko 10 familietatik 8 emakumezkoenak direla.
(Informazioa osatzeko lanean ari gara)