Gizartea -
Hondarribia (Gipuzkoa)
65 urteko errenteriar bat bilatzen ari dira Jaizkibelen
Desagertua goizeko lehen orduan Jaizkibelera joan da ibilbide bat egiteko, baina ez da etxera itzuli aurreikusitako orduan, eta ezin izan dute telefonoz harekin harremanetan jarri.
Agentziak | EITB Media
Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek desagertutako gizonezko bat bilatzeko dispositibo bat jarri dute martxan gaur azken orduan Jaizkibelen, Hondarribian (Gipuzkoa).
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Errenterian bizi den 65 urteko gizonezko bat desagertu da. Senideek adierazi dutenez, goizeko lehen orduan Jaizkibelera joan da txango bat egitera, baina ez da etxera itzuli aurreikusitako orduan,eta ezin izan dira telefonoz harekin harremanetan jarri.
Abisua jaso ondoren, 20:00ak aldera, Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatutako bilaketa dispositibo bat abiatu dute eremuan. Ertzaintzaren Herritarren Babeserako patruilak, Zaintza eta Erreskate Unitateko baliabideak eta helikoptero bat bertaratu dira, eta baita Babes Zibileko, Gurutze Gorriko, DYAko eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeko kideak ere.