Gizartea -

Araba

Legutioko bizilagun bat atxilotu dute, 2.000 euroren truke txabola ilegaletan etorkinak erroldatzeagatik

40 etorkin erroldatu zituen, baldintza penagarrietan. Alokairua ere kobratzen zien etorkinei.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legutioko (Araba) bizilagun bat atxilotu zuen maiatzean Polizia Nazionalak, migrazio ilegalarekin lotutako hainbat deliturengatik. Iruzurra egitea, derrigortze delitua, egoitzaren bortxatzea eta integritate moralaren kontrako erasoa egotzi dizkiote, txabolak eraiki eta horietan 40 etorkin erroldatzeagatik. 2.000 euro kobratzen zizkion "errentari" bakoitzari erroldaren truke, espainiar Barne Ministerioak jakinarazi duenez.

Legutioko lursail batean txabola ilegalak zeudela jakin zuten aspaldi Arabako Atzerri Brigadako agenteek, eta bertan hainbat etorkin bizi zirela, osasun baldintza tamalgarrietan.

Ikerketa abiatu zuten orduan, eta ondorioztatu zuten lursail horretatik gertu, Urbina kaleko etxebizitza batean, bere emaztearekin batera bizi zen 63 urteko gizonezko batek eraiki zituela txabolak.

Horretarako, lursail horien 92 urteko jabea atzipetu zuen. Diru kantitate handiak eskatzen zizkion txabolak eraikitzeko, eta lursail horren kudeaketarako baimena ematen zion notario ahalordea sinarazi zion. Dokumentu horrekin, etorkinak —magrebtarrak gehienak— modu ilegalean erroldatzen zituen.

Hain zuzen ere, Legutioko Udalean erroldatzen zituen, 2.000 euroren truke. Gainera, alokairua kobratzen zien, bizigarritasunik gabeko txabola horietan bizitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Araba Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak