Gizartea -
Osasun abisua
Gipuzkoak kukutxeztul agerraldia antzeman du, 45 kasu arinekin
Kasuen gorakada Gipuzkoan bakarrik gertatu da, Araban kasu bakarra izan baita, eta Bizkaian, bat ere ez. Kukutxeztul agerraldiak "ziklikoak" eta "ohikoak" izan ohi dira, baina azken bi urteetan covid-19ak beste birus eta bakterio batzuen lekua hartu du, Osasun Sailaren arabera.
Agentziak | EITB Media
Gipuzkoan azken bi asteetan izandako kukutxeztul agerraldi batek 45 pertsonari eragin die, baina kasu horietako bat ere ez da larria izan.
Osasun Saileko iturriek EFE agentziari zehaztu diotenez, kasuen gorakada Gipuzkoan bakarrik gertatu da; izan ere, Araban kasu bakarra izan da, eta Bizkaian, bat ere ez.
Kukutxeztul agerraldiak "ziklikoak" eta "ohikoak" izan ohi dira, baina azken bi urteetan covid-19ak beste birus eta bakterio batzuen lekua hartu du, eta beste gorabehera batzuk "estali" ditu, adituen hitzetan.
Pandemiaren ostean, "normaltasunera" itzuli gara beste gaixotasun batzuen agerraldiei dagokienez, erantsi dute.
Gipuzkoan kasu asko antzeman ostean, Osasun Sailak zirkular bat bidali zien duela bi aste Lehen Mailako Arretako medikuei, gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomen aurrean arreta zorrozteko. Osakidetzak 49 kasu zenbatu zituen asteburuan lurralde horretan, baina gaur egun 45 kutsatu daudela zabaldu dute.
Kukutxeztula goiko arnasbideetako gaixotasuna da, bakterioek eragindakoa, eta eztul bortitza eragiten du, batez ere haurrei eragiten diena, baina helduetan ere gerta daiteke. Kasu gehienak arinak izaten dira, baina sei hilabete baino gutxiagoko haurtxoetan konplikazioak arriskutsuak izan daitezke.
Oso gaixotasun kutsakorra da; izan ere, kutsatutako pertsona batek eztul edo doministiku egiten badu, germenek dituzten tantatxoak airean barreiatzen dira eta gertuko pertsonen biriketara iristen dira, arnastu ondoren.
Kukutxeztularen aurkako txertoa txertaketa egutegian jasota dago autonomia erkidego guztietan, eta lau dositan ematen da sei urte bete aurretik.