Gizartea -
Hezkuntza Legea
Hezkuntza Batzordeak gaur helduko dio berriro Hezkuntza Legeari buruzko eztabaidari, adituen agerraldiekin
Gaur hasi eta datorren astelehena bitartean, Batzordeak hezkuntza-sektorearekin zerikusia duten 40 erakunde eta adituren agerraldiak programatu ditu, baita hezkuntza-komunitatearen sarea osatzen duten sindikatu-, kultura- eta gizarte-eragileena ere.
Olatz Prat | EITB Media
Euskal Hezkuntza Lege berriaren inguruko eztabaidak aurrera darrai eta lege hori eztabaidatzen duen Hezkuntza Batzordeak hitzorduz betea du astea. Adituen agerraldiekin jarraituko du eta horiek joan den apirilaren 25ean Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartutako testuari egiteko dituzten ekarpenak entzuteko aukera izango du.
Pasa den maiatzaren 23an hasi ziren Batzordeak eskatutako agerraldi horiek. Orduan, Hezkuntza Ikerketako Ebaluaziorako Euskal Erakundeko, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzako, Hezkuntza Fakultateko eta Berritzeguneko ordezkariak izan ziren Legebiltzarrean, bai eta Arartekoa ere.
Agerraldi horiekin jarraitzeko, gaur hasi eta datorren astelehena bitartean, Batzordeak 40 erakunde eta adituren agerraldiak programatu ditu, besteak beste, unibertsitateena, sindikatuena, gurasoen elkarteena, ikastetxeen elkarteena eta hezkuntza-komunitatearen sarea osatzen duten kultura-, gizarte- eta pedagogia-eragileena. Era berean, Hezkuntza Batzordeak interesgarritzat jo du lege-proiektuaren testuari hainbat pertsonak egin diezazkioketen ekarpenak ezagutzea, filosofian, zuzenbidean, hezkuntza-ikerketan edo euskaran haiek duten eskarmentua kontuan hartuta.
Legebiltzarrean izango diren hainbat erakundek lege-proiektuari buruzko iritzia eman dute dagoeneko. Ikastolen Elkartearen kasuan, "aukera esanguratsuak biltzen dituen" eta egungo legea hobetzen duen testu "baliagarritzat" jo du, baina legearen zehaztasunik eza deitoratu du.
Hezkuntzan gehiengoa duen Steilas sindikatuak egungo testua hasierako espiritutik oso urrun dagoela adierazi du. Ainhoa Astigarraga sindikatuko bozeramailea oso kritiko agertu da aurreproiektuarekin; izan ere, bere ustez, "egungo hezkuntza sistema blindatzen du soilik", eta, horregatik, lege berri bat idaztearen alde agertu da.
Euskal Eskola Publikoaz Harro euskal eskola publikoaren aldeko plataformak errotik arbuiatu du lege-proiektua, bere ustez, "hezkuntza sistema publikoa ahultzen" duelako eta herritarrak protestan ateratzera deitu ditu, Euskadiko hiru hiriburuetan ekainaren 9an.
Eztabaida, alderdien arteanGaur gaurkoz EAJ eta EH Bildu dira testuarekin ados dauden bakarrak, nahiz eta koalizio abertzalearen kasuan ñabardurak izan. Hori dela eta, lege proiektuari zuzenketa zehatz batzuk egingo dizkiola aurreratu du, "elementu batzuk hobetu daitezkeelako". Hala ere, "gainerako alderdi eta eragileekin adostasunak lortzeko prest" agertu da Eusko Legebiltzarrean.
Elkarrekin Podemos-IU koalizioa oso kritiko agertu da edukiarekin, eta dagoeneko iragarri du osoko zuzenketa aurkeztuko duela. Ezkerreko koalizioaren esanetan, proiektuak "kontzertazio unibertsala blindatzen du" eta "segregazioarekin amaitzeko konpromisoa falta zaio".
PSE-EEren eta EAJren artean ere badira "desadostasunak" nahiz eta bi alderdietako sailburuek osatzen duten Eusko Jaurlaritzak lege-proiektua onartu. Maria Jesus San Jose Hezkuntza Batzordeko bozeramaile sozialistak aste honetan bertan "argi utzi du" ez dutela babestuko hizkuntza ofizialetako bat "baztertzen" duen araurik.
PP eta Vox, berriz, proiektuaren aurka agertu dira, besteak beste, euskara gaztelaniaren aurretik jartzen duelako.