Gizartea -
ERASOA
Gizon bat kartzelara bidali dute Bilbon, botila batekin beste gizon bat larri zauritzea leporatuta
Zauritua larri eraman zuten ospitale batera, eta ebakuntza egin zioten. Erasoa larunbatean jazo zen, Ibarrekolanda auzoan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
22 urteko gizon bat atxilotu dute larunbat goizaldean Bilbon, botila batekin beste gizon bati eraso egin eta larri zauritzea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Erasoa larunbatean jazo zen, 05:00ak aldera. Ordu horretan, Ibarrekolanda auzoko kale batera joateko abisua eman zioten Ertzaintzaren patruila bati. Segurtasun Sailak azaldu duenez, gizon bat lurrean etzanda zegoela esan zieten ertzainei, hainbat zauritatik odola zeriola.
Agenteek ustezko erasotzailearen deskribapen fisikoarekin bat zetorren gazte bat topatu zuten inguruan, eta identifikatu ondoren, atxilotu egin zuten. Erasoa jasan zuen gizona, berriz, larri eraman zuten ospitale batera, eta ebakuntza egin zioten.
Atzo arratsaldean, Ertzaintzak epailearen esku utzi zuen atxilotua, eta ordu batzuk geroago, epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen.