Gizartea -

OSASUN ABISUA

Kukutxeztul agerraldia atzeman du Osakidetzak Gipuzkoan

EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Bizkaian 0 kasu eta Araban bakarra izan den bitartean, Gipuzkoan 49 kasu atzeman dira azken asteotan. Helduentzat larria ez bada ere, adi egon behar da haur txikien kasuan, arriskutsua izan baitaiteke.

Jaioberri bat, artxiboko irudian.
Jaioberri bat, artxiboko irudian.
Jaioberri bat, artxiboko irudian.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoan kukurruku-eztularen edo kukutxeztularen agerraldia dagoela ohartarazi du Osakidetzak eta adi egon beharreko gai bat den arren, lasaitasunerako deia ere zabaldu nahi izan du Osasun Sailak.

EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Bizkaian 0 kasu eta Araban bakarra izan den bitartean, Gipuzkoako pediatrek 49 kasu atzeman dira azken asteotean. Kontuan izan behar da bi kasu edo gehiagorekin agerraldia izendatzen dela ofizialki.

Helduengan arriskutsua ez bada ere, haur oso txikietan arretaz jarraitu beharreko gaixotasuna da, ospitaleratzeak eta heriotza ere eragin baitezake urtebetera arteko haurrengan.

Horregatik, haurdun dauden emakumeei txertoa jartzen zaie 27. eta 36. asteen artean, jaioberriei bi hilabetera arte ezin baitzaie txerto hori jarri eta babesa amarengandik jaso dezaten. Ondoren, lau hilabeterekin, 11 hilabeterekin eta 6 urterekin jartzen zaie dosi oroigarria.

Pedro Gorrotxategi pediatrak EITBri azaldu dionez, kasu gehienak Donostian eta inguruetan antzematen ari dira, baina ez dira larriak izan. Hori bai, gurasoei eskatu die erne egoteko eta sintomarik antzemanez gero, haurrak eskolara ez eramateko eta pediatrarengana jotzeko.

Oso gaixotasun kutsakorra da

Kukutxeztula Bordetella pertussis-ek eragindako arnas gaixotasuna da, txertaketa bidez prebenitu daitekeena eta nahitaez aitortu beharrekoa. Aire bidezkoa da transmisioa eta soilik gizakiek izan dezakete.

Hasiera batean, beste arnas infekzioetatik bereiz ezin daitekeen katarro-koadro batekin hasten da, eta astebete edo bitan eztul paroxistikoa agertzen da. Eztul gogorra, larritasuna eragiten duena eta botaka amai daitekeena eragiten du. Jaioberriak arnas hartu ezinik geratu daitezke, apnea egoeran. 

Osakidetzak emandako datuen arabera, EAEn, txerto-estaldurak % 90etik gorakoak izan arren, epidemia-egoera mantentzen da, Europako gainerako herrialdeetan bezala. Egoera hori 2011n hasi zen, eta 2015ean izan ziren tasarik altuenak (91,67 kasu 100.000 biztanleko). Hainbat hipotesi azaldu dira, hala nola, immunitate naturalaren eta txertoaren iraupen laburra, agente etiologikoaren aldaketa antigenikoak, susmo diagnostiko handiagoa eta/edo PCR gehiago egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Umeak azken ordukoa