Gizartea -

Ekitaldia Arkautin

Urkullu: "Erakunde bakar batek ere ezin du gizartearen errespetua galdu, ezta Ertzaintzak ere"

Iñigo Urkullu lehendakaria, lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekarekin eta Ertzaintzako buruzagia Josu Bujandarekin batera, 12 dominak emateko urteroko ekitaldiaren buru izan da gaur eguerdian.

Erkoreka, Urkullu eta Bujanda, ekitaldiaren buru.
Erkoreka, Urkullu eta Bujanda, ekitaldiaren buru.
Beste edozeren aurretik, Ertzaintzaren lehentasuna gizartea babestea dela gogoratu du Urkulluk

01:26

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 12 domina banatu ditu (sei bereizgarri zuriarekin, bost bereizgarri urdinarekin eta intsignia bat bereizgarri gorriarekin) 2022an zehar egindako lanagatik, Arkautiko instalazioetan egindako ekitaldi batean.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuarekin eta Josu Bujanda Ertzaintzako buruzagiarekin batera, dominak emateko eta ETAk hildako ertzainak omentzeko eta oroitzeko ekitaldia izan da gaur eguerdian.

Ekitaldia lanean hildako agenteak gogoratuz hasi da, minutu bateko isilunearekin eta monolito baten aurrean bi txapel gorriren eskaintzarekin. Jarraian, omenaldi berezia egin diete ETAk hil dituen 15 ertzainei. Haren oroimenez bideo bat proiektatu da.

Josu Baizan Goikoetxeak, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko kideak, polizia-lanaren bereizgarri gorriko domina jaso du, 2018ko uztailaren 24an Barrikan gertatutakoagatik.

Bestalde, Maite Alvarez Pastrana, Sestaoko ertzain-etxeko herritarren babeserako agenteak; Cristian Del Rio Rementeria, Erandioko ertzain-etxeko agenteak; Asier Carballeda Garcia, Donostiako ertzain-etxeko ofizialordeak; Javier Rodriguez Cordeiro, Ertzaintzako Polizia Zientifikoko agente eta Etengabeko Hobekuntzako Ataleko arduradunak; Edorta Menendez San Cristobal, Ertzaintzako Esku-hartze Unitateko buruak; eta Josu Gotzon Lujua Altuna, Ertzaintzako intendenteak, polizia-lanaren bereizgarri zuridun domina jaso dute.

Bestalde, Endika Gomez Custodio eta Alesandro Sanchez Santos herritarrek bereizgarri urdineko domina jaso dute. Era berean, Thibault Roux, Frantziako Polizia Nazionaleko Commissaire Divisionnaire eta Hendaiako Polizia eta Aduana Lankidetzarako Zentroko egungo buruak; Stephane Lapeyre, Frantziako Polizia Nazionaleko Commissaire Divisionnaire eta Karim Fillali, Baionako Polizia Judizialeko komisario buruak, bereizgarri urdineko polizia-lanaren domina jaso dute.

Azkenik, ekitaldian, Ertzaintzako agenteen izenak irakurri dira jendaurrean, 2022an zerbitzuan garrantzi berezia izan zuten ekintzetan parte hartzeagatik. Guztira, 36 profesional zoriondu dituzte polizia-lan nabarmenagatik.

Ertzaintza gizartearekin konprometitutako erakunde profesionala izan behar duela nabarmendu du Urkulluk

Zerbitzuan hildako edo ETAren "terrorismoaren krudelkeriagatik" bizia galdu zuten ertzain guztiak omendu ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Ertzaintzak euskal gizartearekin konprometitutako erakunde profesionala izan behar duela, eta ez duela bere misioa ahaztu behar, "segurtasuna funtsezkoa baita euskal gizartearentzat".

Protestan dabilen "Ertzainak Borrokan" mugimendu asindikalaren mehatxuen testuinguruan egin ditu adierazpenok lehendakariak. Izan ere, mobilizatutako ertzainek iragarri dute Frantziako Tourra blokeatuko dutela lan-hitzarmena berritzen ez bazaie, besteak beste. Gauzak horrela, lehendakariak esan du gizarteari eskua eman behar zaiola, eta ez bizkarra.

Era berean, lehendakariak bere kezka agertu du gure bizikidetzaren eta bizitza demokratikoaren garapena baldintzatu nahi duten "esku-hartze antolatuengatik". Ildo horretan, ziurtatu du Euskadi ez dagoela errealitate horretatik kanpo, eta azpimarratu du bere betebehar instituzionala esku-sartze horiei bidea ixtea dela. "Asko dago jokoan. Adierazpen eta estortsio modu berriak hartzen dituzten mehatxuei aurre egiten dien mundu globalizatu batean bizi gara", esan du.

Mehatxu berri horiei aurre egiteko, laster Ziberzaintza martxan jarriko dutela gogoratu du Urkulluk. Ildo horretan, nabarmendu du Ertzaintza dela euskal gizartearen euste-dikea, "erasoen, esku-sartzeen eta gure bizikidetza baldintzatzeko saiakeren aurrean".

Azkenik, lehendakariak euskal autogobernuaren berezitasuna defendatu du: "Zaindu, errespetatu eta, batez ere, babestu egin behar dugu". Izan ere, esan duenez, "horrela bakarrik eutsi ahal izango diogu gizarteak gure erakundeetan duen konfiantzari". Era berean, azpimarratu du erakunde bakar batek ere ezin duela gizartearen errespetua galdu, "ezta Ertzaintzak ere". "Nortasun-zeinu horien mende dago herritarrek Ertzaintzarengan jartzen duten konfiantza bermatzea", amaitu du, "gizarteak Ertzaintzan sinisten du. Mantendu dezagun konfiantzaren zubi hau zutunik".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak