Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Indarkeria matxistaren jarraipen batzordearen ustez, protokoloak berrikusi eta koordinazioa hobetu behar dira

Emakunde buru duen batzordeak indartu egin du biktimen arretan eta babesean inplikatutako alderdien informazio bilketa. Halaber, diskrezioa eskatu du Gasteizko hilketa matxistaren ikerketan aurrera egiten jarraitzeko.

Indarkeria matxistaren jarraipen batzordearen gaurko bilera. Argazkia: Irekia
Indarkeria matxistaren jarraipen batzordearen gaurko bilera. Argazkia: Irekia
Indarkeria matxistaren jarraipen batzordearen gaurko bilera. Argazkia: Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orioko eta Gasteizko hilketa matxisten ondoren, biktimen arreta hobetzeko protokoloa berrikusi eta emakumeen babesean inplikatuta dauden erakunde eta eragileen koordinazioa hobetu behar direla azpimarratu du indarkeria matxistaren jarraipen batzordeak; zehazki, Fiskaltzaren, epaileen edota Estatuko Segurtasun Indarren artean.

Emakunderen egoitzan bildu da gaur goizean Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea egiteko erakundeen arteko III. Akordioaren Jarraipen Batzordea. Emakundek koordinatuta, Eusko Jaurlaritzako sei sailek, hiru aldundiek, EUDELek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak, Arartekoak, Legelarien Euskal Kontseiluak eta Medikuen Euskal Kontseiluak osatzen dute batzordea.

Gaurko saioan, Orion eta Gasteizen izandako azken hilketa matxistei buruzko informazioa bildu dute. Gasteizko hilketa matxistarekin lotuta, "Ertzaintza aztertzen ari da urtarrilean kasu horren berri izan eta ustezko hiltzaileak urruntze agindua urratu zuenetik igaro den denboran gertatutakoa".

Hala ere, jarraipen batzordeak ez ditu bilerako xehetasunak eman eta nabarmendu du "diskrezioz" lan egingo duela, azterketarekin aurrera egiten jarraitu ahal izateko eta hobekuntza puntuak zehazteko.

Batzordeak, era berean, erantzukizunez jokatzea eta eraildako emakumeen inguruko "datu pribatuak" ez argitaratzeko eskatu die hedabideei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Ararteko albisteak Emakunde Gizartea Genero indarkeriaren biktimak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Matxismoa gaur EUDEL gaur BJKNari buruzko albisteak