Gizartea -

Lehortea

Lehortea areagotu egin da Nafarroan: iaz baino ia heren bat euri gutxiago egin du

Prezipitazio falta gero eta nabarmenagoa da Nafarroan, iaz baino % 27,6 gutxiago egin baitu. Erribera da gehien kaltetutako eremua; izan ere, iaz baino euri dezente gutxiago egin du. Baztanen, Foru Erkidegoko inguru hezeenean, ere nabarmen murriztu dira euriteak.

Nafarroan metatutako euri-uraren eboluzioa 2019 eta 2023 artean. Argazkia: AMADO LÓPEZ DE IPIÑA-EITB
Nafarroan metatutako euri-uraren eboluzioa 2019 eta 2023 artean. Argazkia: AMADO LÓPEZ DE IPIÑA-EITB
Nafarroan metatutako euri-uraren eboluzioa 2019 eta 2023 artean. Argazkia: AMADO LÓPEZ DE IPIÑA-EITB

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
OHARRA: Eduki honek grafiko interaktibo bat dauka. Aplikaziotik kanpo behar bezala ikusteko, egin klik hemen.

Nafarroa foru erkidego zabala eta anitza da, eta alde handiak daude bertan batetik bestera klima eta prezipitazioei dagokienez. Iparraldean egiten du euri gehien, eragin atlantikoagatik eta orografia menditsuagatik; hegoaldea, berriz, lehorragoa eta kontinentalagoa da. Erdigunean, Iruñean, bi muturren arteko giroa du.

Euriteen bilakaera aldakorra izan da azken bost urteetan, eremuaren arabera. Baztan aldea da inguru hezeena, eta urtean batez beste 1.660 litro botatzen ditu metro koadroko. Hegoaldean, Tuterako meteorologia estazioan, metro koadroko 374 litro jasotzen dira urtean. Iruñean, berriz, 770 litro jaso ohi dituzte urtero, 2021ean eta 2022an prezipitatutakoa baino dezente gehiago.

Urte hidrologikoaren hasieratik (2022ko urriaren 1ean hasi zen) 2023ko maiatzaren 31ra arte, prezipitazioak % 27,6 txikiagoak izan dira Nafarroan aurreko urteko aldi berean baino, eta iaz 2021ean baino ia % 15 euri gehiago egin zuen; beraz, maiatzean eurite handiak izan diren arren, Nafarroa osorako aurtengo aurreikuspenak ez dira oso onak, batez ere hegoaldean, Tuteran % 40 prezipitazio gutxiago eta Iruñean ia % 27 gutxiago izan baitira. Baztanen, bestalde, aurrekoetan baino euri gutxiago baina Nafarroako hegoaldean baino askoz gehiago egin du.

Lehorteak Nafarroa osoan du eragina, baina batez ere Erriberan, Tuteran iaz baino euri gutxiago bota baitu lehen hilabeteetan. Erkidegoko gunerik lehorrena hori da: urtean batez beste 374 litro hartzen ditu metro koadroko, eta aurten, berriz, 137,4 litro baino ez.

Baztan aldean, Nafarroako inguru euritsuenean, berriz, urtean batez beste 1.660 litro euri jaso ohi dituzte metro koadroko. Hala ere, azken asteotako euri-jasak gorabehera, aurten azken bost urteetako batezbestekoaren azpitik egin du, % 15,16 gutxiago: urria eta maiatza bitartean metro koadroko 1.078 litro bota ditu.

Halaber, euriteak nabarmen jaitsi dira Nafarroako erdialdean (Iruñean, besteak beste) 2020tik.

Iberiar penintsula maiatzaren 19an astindu zuen depresio isolatuak (DANA) agerian utzi zuen Nafarroako prezipitazioen aniztasun espazial handia. Hala, Beran (Nafarroako iparraldea), metro koadroko 100 litro baino gehiago bota zituen egun batean; beste toki batzuetan, berriz, tanta gutxi batzuk baino ez ziren izan.

Erregistroak daudenetik izandako urterik lehorrena izan zen iazkoa foru lurralde osoan, aurrekoan baino ia % 40 euri gutxiago egin baitzuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak Lehortea