Gizartea -
Lehortea
Maiatzeko euriteak gorabehera, Hegoaldeak prezipitazio defizitarekin jarraitzen du
Iazkoa urterik lehorrenetako bat izan zen Hego Euskal Herrian erregistroak daudenetik, eta aurtengo urte hidrologikoa (urriaren 1ean hasitakoa) % 33,7 idorragoa izaten ari da aurreko urteko aldi berekoarekin alderatuta.
I. R. | EITB MEDIA
Azken asteotako euriteak ez dira nahikoak izan urriaren 1ean hasi zen urte hidrologiko honetan udazkenean eta neguan izandako prezipitazioen defizita arintzeko. Horrela, Hego Euskal Herriak euri-balantze negatiboarekin hasi du urtea, eta urtarrileko eta maiatzeko prezipitazioak gorabehera, lurraldeak % 33,73 euri gutxiago jaso du aurreko urteko aldi berekoarekin alderatuta.
Euskal Meteorologia Agentziaren (Euskalmet) eta Meteo Navarraren azken datuen arabera, 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era arte metro koadroko batez beste 958 litro jaso ziren, eta aldi euritsuenak azarotik urtarrilera eta martxotik apirilera bitartekoak izan ziren. Aurten, ordea, azaroan prezipitazio ugari izan ziren arren, aurreko aldian baino euri gutxiago egin zuen, eta abendua nahiko lehorra izan zen.
2023ko urtarrilak prezipitazio asko ekarri zituen, 2022an baino ugariagoak, baita otsailean eta maiatzean ere, eta horrek ekarri du aurtengo lehen bost hilabeteetan 2022ko aldi bereko euri-mailari eustea, azken hiru urteetako antzeko balioak metatuta. Hala ere, udazkenean euri gutxi egin izanak kalte egiten dio urte hidrologiko honi, eta Hego Euskal Herriak euri-defizita izaten jarraitzen du.
Euskalmeten eta Meteo Navarraren arabera, 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitartean metro koadroko batez beste 958 litro jaso ziren gurean, eta hilabeterik euritsuenak azaroa, urtarrila, martxoa eta apirila izan ziren. Aurtengo urte meteorologikoan, ordea, azaroak ia erdia utzi du (-% 45,5) aurrekoaren aldean, eta abendua oso lehorra izan da, 2021ean baino % 76 euri gutxiago egin baitu. Urte hasieran, euriak arindu egin du egoera, euri asko egin baitu urtarrilean, otsailean eta maiatzean, 2022an baino gehiago. Hala ere, orokorrean, emaitza osoak negatiboa izaten jarraitzen du, aurreko urteko datuekin alderatuta.
Halaber, azken hilabeteetako euri-jasak ez dira denean parekoak izan. Bilboko, Lasarteko eta Arrasateko estazio nagusietan batezbestekotik gorako balioak neurtu dituzte; Abetxukun, Paganosen eta Iruñean, berriz, balio negatiboak izan dituzte, eta lehenengo biak nabarmentzekoak dira, hiru urtez jarraian prezipitazioen defizita izan baitute.
Horrela, bada, aurten pilatutako euriteak normalaren azpitik daude, eta ez dira 1991-2020 aldikoaren % 50-75era iristen.
Metodologia
Erreportaje hau egiteko, Euskalmet eta Meteo Navarra Euskadiko eta Nafarroako meteorologia agentzietako prezipitazio datuak aztertu ditugu. Datuak urte hidrologikoaren araera banatu dira; 12 hilabeteko aldiak dira, arro hidrografiko jakin bateko euriak neurtzeko erabiltzen direnak. Espainiako Estatuan, urte hidrologikoa urriaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaitzen da. Horretarako, Hego Euskal Herriko estazio meteorologiko nagusien datuak jaso dira: Bilbo/aireportua, Lasarte, Arrasate, Abetxuku, Paganos eta Iruñea. Hala, azken urte hidrologikoetako datuak egungo balioekin alderatu dira, eta, horrela, Hego Euskal Herriko eremu geografiko eta klimatikoetako prezipitazio-aldaketak aztertu ditugu.