Gizartea -
GARRAIO PUBLIKOA
Euskotrenek urtea amaitu arte aplikatuko du % 50eko deskontua tren, tranbia eta funikular zerbitzuetan
Barik, Bat eta Mugi txartelak dituzten Euskotreneko erabiltzaileei aplikatuko zaie. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bigarren seihilekora luzatu nahi ditu EAEko garraio publikoaren operadoreentzako % 10eko laguntzak.
EITB Media
Euskotrenek 2023ko abenduaren 31ra arte jarraituko du tren, tranbia eta funikular zerbitzuetan % 50eko deskontua aplikatzen.
Barik, Bat eta Mugi txartelak dituzten erabiltzaileei hobaria zuzenean aplikatuko zaie, eta % 50eko deskontua izango dute —nahiz eta txartelik gabe eskuratu— Larreinetako (Trapagaran) funikularraren hileko bonua eta Kukullagako igogailuaren 10 Bonua dutenek. Aitzitik, ez dute hobaririk izango papereko joaneko edo joan-etorriko txartelek, ezta EAEtik kanpoko garraio erakundeekin adostutako abonuek (Passbask, Euskopass, Txik-txak, Tranbus, Bortziri…) ere.
Tarifen aldi baterako hobaria 2022ko irailaren 1etik dago indarrean Euskotrenek eskaintzen dituen zerbitzu hauetan: bost tren linea (E1, E2, E3, E4, E5), Bilboko metroko 3. linea, Bilboko eta Gasteizko tranbiak eta Larreinetako funikularra.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak bigarren seihilekora zabaldu nahi ditu EAEko garraio publikoaren operadoreentzat indarrean dauden % 10eko laguntzak, eta laguntza urte amaierara arte luzatzeko hizketan ari da Ogasun Sailarekin.