Gizartea -
Abortuaren legea
Munduan bost herrialdek bakarrik ematen dituzte lan-bajak hileko mingarriengatik
Hileko ezgaitzaileengatik bajarako eskubidea aitortzen duen nazioarteko herrialde bakanetako bat da jada Espainiako Estatua. Europan aitzindaria da neurria. Mexikon eta Kolonbian ere antzeko legeak izapidetzen ari dira.
E. G. | EITB Media
Dismenorrea pairatzen duten emakumeei, alegia, hileko mingarri ezgaitzaileak dituzten andreei, lan-baja eskatzeko aukera ematen dien Europako lehen herrialdea da Espainiako Estatua.
Abortuaren Legearen erreformak jaso zuen neurri feminista, eta beste bi lan-bajarekin batera (abortu baten ostekoa edo haurdunaldikoa, 39. astetik) sartu da indarrean.
Ekimena aitzindaria da Europan, eta munduan barrena oso leku gutxitan dago jasota legedietan. Bost dira, guztira, halakoak dituzten herrialdeak, eta akaso harrigarria izan badaiteke ere, bakar bat ere ez dago Mendebaldean. Europar Batasuneko kideen artean, Italiak eta Frantziak saiakerak egin dituzte baja hauek aitortzeko, baina ez dira aurrera atera.
Asia, erreferente
Lan-bajak legez jasota dituzten bost herrialdeetako lau Asian daude. Japonia izan zen aurrenekoa onartzen; XX. mendean egin zuen, 1947an. Bertako laneko legediaren arabera, atseden hartzeko tartea onartuko zaie emakumezko langileei, hilekoa dela-eta "euren zeregin profesionala erabat zailduta" izanez gero. Dena dela, beste zenbait gaitzek eragiten dituzten bajetan ez bezala, enpresak ez daude ordaintzera derrigortuta. Hori bai, lan-baja ukatzen dituzten enpresentzat isunak aurreikusten ditu legeak (300.000 yen inguru, 2.000 bat euro).
Hego Korean, 1953an arautu zuten lehen aldiz hileko mingarriengatiko baja, baina XXI. mendearen hastapenera arte ez zuten guztiz garatu. Andrazkoek urtean hiru egunetan har dezakete osasun-baimena arrazoi horrengatik. Indonesian, 2003an jaso zuten bajen eskubidea lan-araudian, eta hilean bi egunez har daiteke. Taiwanen, hilean egun bat dute aurreikusita.
Azkenik, agian harrigarria izan daitekeen arren, Zambian, Afrika hegoaldean, hilean egun bat dute hileko minez ezgaituta geratzen diren emakumezkoek. "Emakumearen eguna" deitzen diote.
Mexiko eta Kolonbia, legeak izapidetzen
Latinoamerikan, bi herrialdek abian dute lan-baja horiek arautzeko prozesua. Mexiko Hiriko Kongresuak martxoan onartu zuen min ezgaitzaileengatik hilean bi egun izateko ekimena. Mexikoko Kongresuak onestea falta da. Kolonbian, antzeko lege-proiektua ari dira izapidetzen; kasu honetan, hilean egun bat aurreikusten da.
Legeak egonagatik ere, hileko mingarrien ondoriozko lan-bajek ez dute zertan normalizatuta egon, ezta estigmatik libre ere. Aitzitik, lanean berdintasuna izatetik urrun daude oraindik herrialde askotan.
Asiako herrialdeek hamarkadak daramatzate politika horiekin, eta, datuen arabera, baja eskatzen duten emakumeen kopuruak behera egin du denborak aurrera egin ahala. Japonian, esaterako, emakumeen % 20k eskatu zituzten 1960an; 2017an, aldiz, % 1era ere ez zen heldu kopuru hori. Munduko Osasun Erakundearen arabera, andrazkoen % 10ek pairatzen dituzte hileko ezgaitzaileak.