Gizartea -

EGURALDIA

Eguraldi eguzkitsua espero da maiatzeko azken asteburuan

Larunbatean udako giro atsegina izango da nagusi kostaldean, tenperaturen gorakada nabarmenarekin. Barnealdean, hodei gehiago espero dira. Igandean, berriz, hodeiak ugarituko dira arratsaldean, bero-hodeiak gehienbat.

Gorlizko hondartza (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Txabi Erkiaga
Gorlizko hondartza (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Txabi Erkiaga
Gorlizko hondartza (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Txabi Erkiaga

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzeko azken asteburuan euritakoa etxean uzteko aukera egongo dela dirudi, izan ere, eguraldiak hobera egingo du Eukal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, bereziki larunbatean. Tenperatura maximoak 25 ºC-ra iritsiko dira lurraldeko toki askotan, eta zerua oskarbi ikusiko dugu, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.

Ostiral honetan, giro eguzkitsua nagusituko da kostaldean, tenperaturen gorakada nabarmenarekin. Barnealdean, hodei gehiago espero dira, eta baliteke zaparrada bakanen bat botatzea mendi inguruetan. Egunean zehar ekialdeko eta hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Arratsaldean ipar-ekialdea nagusituko da barnealdean.

Larunbat honetan, maiatzak 27, termometroek gora egiten jarraituko dute. Gauzak horrela, uda-giro eguzkitsua espero da goizean, hego-ekialdeko haizea ibiliko baita. Maximoak 27 ºC-koak izango dira Bilbon eta Gasteizen, eta 24ºC-koak Donostian. Minimoak, berriz, 16 ºC ingurukoak izango dira, Gasteizen izan ezik, 11 ºC artekoak izan baitaitezke. Bestalde, Nafarroan termometroak 28 ºC-ra irits litezke zenbait puntutan, hala nola Iruñean, eta minimoak 12 ºC-tik gertu gera litezke.

Horrela, eguerdian eguraldi eguzkitsua nagusituko da eta arratsalde-gau partean bero-hodei batzuk nagusituko dira, barnealdean zaparrada isolatuak utziz.

Igandean, udal eta foru hauteskunde-egunean, giro eguzkitsua nagusituko da goizean. Maximoei dagokienez, Gasteizen 26 ºC-ra iristea espero da, Bilbon 25 ºC-ra eta Donostian 22 ºC-ra. Minimoak 16 ºC ingurukoak izango dira, Gasteizen izan ezik, berriz ere 11 ºC-ra jaitsi baitaitezke. Nafarroan, aurrekoaren oso antzeko eguna espero da, aurreko eguneko tenperatura bertsuekin. Nolanahi ere, Nafarroako hainbat tokitan prezipitazioak espero dira, bereziki arratsalde-gau partean.

Haizea ahul eta aldakor ibiliko da goizean, eta arratsaldean iparraldekoa nagusituko da. Arratsaldean hodeiak ugarituko dira, bero-hodeiak gehienbat, batez ere barnealdean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak