Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Lau lagun atxilotu dituzte Bilbon sei emakumeri sexu-esplotazioa egiteagatik
Espainiako Poliziak hiru emakume eta gizon bat atxilotu ditu azken asteotan, Boluetako (Bilbo) txalet batean sei emakume sexualki esplotatzea egotzita. Emakume horiek bezeroekin droga kontsumitzera eta euren gogoaren kontrako sexu-praktikak egitera behartzen zituzten.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Poliziak lau pertsona atxilotu ditu, hiru emakume eta gizon bat, Bilboko Bolueta auzoko txalet batean sei emakume sexualki esplotatzea egotzita. Emakume horiek bezeroekin droga kontsumitzera behartzen zituzten eta euren gogoaren kontrako sexu-praktikak eginarazten zizkieten, preserbatiborik gabe ahozko sexua, esaterako; gainera, emakumeek zerbitzu bakoitzagatik kobratutakoaren % 50 eurentzat hartzen zuten atxilotuek.
Espainiako Poliziak ostiral honetan ohar baten bidez jakinarazi duenez, lau atxilotuei prostituzio hertsatzailea eta talde kriminaleko kide izatea leporatzen diete. Atxilotutako gizonak aurrekariak ditu haur-pornografiagatik.
"Emakumeen osasunaren eta ohorearen aurkako eraso larriak jasaten zituzten abusuzko baldintzak" jasaten ari zirela jakin ondoren, emakumeek egoera hori jasaten jarrai ez zezaten, poliziak hilaren 11n sartu ziren txaletean, epailearen baimenarekin. Zazpi emakume aurkitu zituzten bertan: sei biktimak eta une horretan emakumeak zaintzen ari zen talde kriminaleko kide bat.
Poliziek emakume hori atxilotu, eta txaleta miatu zuten. Bertan, ia mila euro aurkitu zituzten eskudirutan, baita Viagra pilulak eta marihuana ere.
Ikerketekin jarraituta, asteartean beste hiru pertsona atxilotu zituzten: bi emakume eta haur-pornografiagatik aurrekariak dituen gizon bat.
Atxilotuak Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku utzi zituzten, eta epaileak karguekin aske uzteko agindu zuen.