Gizartea -
Gorrotoa futbolean
Bi partida bertan behera geratu dira Bizkaian, arbitroari eraso egiteagatik
Basaurin epaile batek partida bertan behera utzi behar izan du, behin eta berriz irainak eta heriotza-mehatxuak jaso ondoren. Orozkon ere utzi dute bertan behera partida bat, kanporatutako jokalari batek marrazain bati txistua bota ondoren.
EITB MEDIA
Asteburu honetan, bi partida bertan behera geratu dira Bizkaian, arbitroen aurkako erasoengatik. Lehenengoa Basaurin gertatu da, behin eta berriz irainak eta heriotza-mehatxuak jaso ondoren, Ariz eta Uritarra taldeen arteko partidako epaileak partida aldi baterako bertan behera uztea erabaki baitu. Orozkon ere utzi dute bertan behera partida bat, kanporatutako jokalari batek marrazain bati txistua bota ondoren.
Basauri
Aritz eta Uritarra taldeen arteko eskola futboleko partida batek eragin du azken polemika Bizkaian. Izan ere, partidako arbitroak indarkeriaren aurkako protokoloa jarri zuen abian, behin eta berriz irainak eta heriotza-mehatxuak jaso ondoren. Epaileak eskatuta, etxeko taldeak Ertzaintzari deitu zion, eta ateak itxita ekin zioten partidari, 45 minutu geldituta egon ondoren.
Bizkaiko Futbol Federazioak adierazi duenez, Lehiaketa Batzordeak partidaren akta aztertuko du, gertakariak zigorrak inposatzeko nahikoak diren zehazteko.
Gertakariak
Partidaren amaieran epaileak egindako aktaren arabera, irainak etengabeak izan ziren lehen zatian. Hori dela eta, hiru epaileek Espainiako Federazioaren indarkeriaren aurkako protokoloan jasotakoari jarraituz, megafoniaz gertakarien berri ematea erabaki zuten.
"81. minutuan, mehatxuek gora egiten zutela ikusi ondoren, protokoloaren bigarren fasea aktibatu genuen, eta partida 45 minutuz eten genuen. Gure osotasun fisikoa arriskuan zegoela ikusita, Ertzaintzari deitzeko eskatu genuen (...), eta ertzainek jakinarazi zuten zelaia hustea zela partidarekin jarraitzeko modu bakarra, gure segurtasuna bermatzeko baliabide nahikorik ez zutelako", epailearen arabera.
Hala ere, norgehiagoka amaitu ondoren, epaileak poliziaren laguntza eskatu behar izan zuen "Ariz taldeko sinboloak zeramatzaten zale batzuk" aldageletako irteeran zeudelako.
Federazioaren babesa
Iñaki Gomez Mardones Bizkaiko Futbol Federazioko presidentearen hitzetan, epailearen jarduna "zuzena" da , eta aktan jasotakoa "harrigarria" dela erantsi du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Mardonesesk esan du akta Lehiaketa Batzordearekin batera aztertuko dutela, gertatutakoa zigortzeko arrazoirik ote dagoen zehazteko.
Klubaren erantzuna
Pablo Paranas Arizko presidenteak, bere aldetik, esan du gertatutakoa "puztu" egin dela eta epaileak eskolta gabe irten zirela futbol-zelaitik.
"Ondo dago arbitroek zelaian agintea izatea, baina gauza hauek serioak dira. Gu gara horrelako gertakariak gaitzesten ditugun lehenak", azaldu du Paranasek Radio Euskadin egindako elkarrizketan.
"Ez dugu geure burua justifikatu nahi, baina gehiegizkoa dela uste dugu", esan du presidenteak.
Orozko
Basaurin gertatutakoaz gain, epaileek beste eraso bat jasan dute Bizkaian. Hain zuzen ere, Orozkon gertatu da, eta, horren aurrean, epaileak bertan behera utzi du partida.
Kasu honetan, kanporatutako jokalari batek eragin du erabaki hori, marrazain bati txistua bota baitio.