Gizartea -

Ibilaldia 2023

Ondarroak ikastolen festan egin du txonbo

Antolatzaileak pozik daude egunean zehar izandako parte-hartzearekin: "Ez da intzidentziarik izan, jaia irekia eta zabala izan da, eta jendeak orohar ondo pasatu du".

Ibilaldia, igande honetan. Argazkia: EITB Media
Ibilaldia, igande honetan. Argazkia: EITB Media
Jendetza erakarri du Zubi Zahar ikastolaren aldeko jaiak Ondarroan

01:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskara, parekidetasuna, jasangarritasuna, parte-hartzea eta inklusioa bide eta helburu harturik, Bizkaiko Ikastolen jaia ospatu dute igande honetan Ondarroan, Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuta.

Antolatzaileen arabera, goizean goizetik "milaka lagun hurbildu dira" festaz gozatzera, "eguraldia lagun" izan dutela. "Bizkaiko ikastolen jai handia, handia da benetan, gaur", esan dute, eta "horixe da egin dezakegun baloraziorik baikorrena". "Desiratzen genuen eguna betetzen ari zaigu", erantsi dute.

Ildo horretan, Esti Urizar Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolako zuzendariak pozez hartu du jendearen parte-hartzea, eguraldia lagun izanda handia izan da, "baina ez izugarrizkoa". Era berean, azpimarratu du "jaia irekia eta zabala" izan dela, eta, horri esker, jendeak "ondo" pasatu duela.

Ibilbideak 5 kilometro izan ditu, lau gunetan banatuta. Antolatzaileek azaldu dutenez, saiatu dira guneak oso sektorialak ez izaten (bakarrik umeena, gazteena edo nagusiena) eta guztietan denetzako moduko edukiak tartekatzen ahalegindu dira. Norbere gustuaren arabera gunerik gune ibiltzeko aukera zabalik utziz, gune batetik besterako bidean Ondarruko herrian murgildu eta herriko txoko eta leku ikusgarriez gozatu ahal izan dezaten Euskal Herri osotik bertaratu direnek.

Lehenengo gunean, Zubi Zahar Herri Ikastolan kokatutako ZUBIXE izenekoan eman zaio hasiera egitarauari, goizeko 10:00etan hasitako inaugurazio ekitaldiarekin. Ordezkari politikoek eta instituzionalek eta ikastolako lehendakariak hartu dute hitza eta, ostean, ikastolako umeek ikuskizuna eskaini dute, eta Ibilaldirako propio sortu den koruak abestu du.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, "elkarlanean dugu gure benetako indarra", eta "hezkuntza bera eta hezkuntzari lotuta ditugun erronkak gizarte osoaren erronkak dira". Bestalde, Eider Galarraga Egunsentia Irakaskuntza Kooperatibako buruak nabarmendu du ikastolak "hasiera-hasieratik" aldarrikatu duela Euskal Herri osorako hezkuntza sistema euskalduna, "euskara eta lurraldetasuna ardatz zentralak izanik". Helburu horiek "bere horretan jarraitzen dute, gainontzekoak ahaztu gabe".

Egun osoan zehar musika tailer eta ikuskizunak izan dira aipatu gunean ez ezik, baita MAZIXE (Anexoa), HERRIXE (Zeledonio) eta TALAXE (Itsasaurre) guneetan ere.

Ibilaldiko guneen mapa. Argazkia: Ibilaldia

'Xe' leloa darama Ibilaldia 2023k, izan ere, Ondarroan Ibilaldiari Ibilaldixe esaten diote, eta hortik hartu dute: "'Xe' esanez hitz egiteko modu bat ez ezik herri bat ere irudikatu nahi dugu. Euskara berea duen herri bat. Ibili dabilen hizkuntza bat. Bizia. Goroldiorik gabeko harria bezalaxe. Gure herria, gure herrixe, horrelakoxea delako: bixixe. Alaixe. Argixe. Iraixe".

Euskotrenek eta Bizkaibusek zerbitzu berezia jarri dute martxan Ibilaldia dela eta: Euskotrenek Trañara zerbitzua eman du, eta handik, ordu erditik behin autobusak irtengo du Ondarroara, 09:50etik 13:30era; eta Ondarroatik Trañara, 17:10etik 20:50era.

Lau aparkaleku egokitu dira: bi Bizkaitik joandakoentzat, Gardotza industrialdean eta Cikautxo kooperatiban, eta beste bi Gipuzkoatik hurbildutakoentzat, Saturraran hondartzan eta Mijoa industrialdean. Aparkalekuetatik transbordadore zerbitzua dago.

Aurten "Turrun Hotsa" abestiak girotu du Ibilaldia, Aiora Errenteria eta Eñaut Elorrietaren eskutik:

EITB Ibilaldian

Ohi bezala, EITBk txoko berezia izan du bertan, kasu honetan 1go gunean (Zubixe). Bertan kokatu da 3klubaren espazioa, eta klubeko kide egiteko aukera egon da 10:00etatik 18:00etatik.

Horrez gain, 12:30etik "Go!azen: Karaokea" emanaldia eskaini du EITBk eta, telesaileko hiru aktoreren eskutik, abestu eta dantzatzeko aukera izan dute gaztetxoek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Ikastolen jaia Bizkaian Azken ordukoa Bizkaia Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Ondarroa Gaurko azken orduko albistea Lea-Artibai gaur