Gizartea -
Amatasuna
Bularra eman behar duten amek oposizioetan denbora gehiago izateko eskatu dio Arartekoak Hezkuntza Sailari
Nabarmendu duenez, ordenamendu juridikoak eta justizia-auzitegiek "babes berezia ematen diote amatasunari", eta azterketen iraupena luzatzea gomendatu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Oposizioetako azterketetan bularra eman behar duten amek proba amaitzeko denbora gehiago izateko eskatu dio Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, kasu horietan, probak amaitzeko ordua luzatuz eta amatasunagatik baliatzen duten denbora berreskuratzeko aukera emanez.
Arartekoak Emakunderi helarazitako kexa bat jaso zuen. Izan ere, idatzi horren arabera, Hezkuntza Sailak ez du aurreikusten umeekin azterketetara joaten diren eta probaldian seme-alabei bularra eman behar dieten amek gainerako oposiziogileek baino denbora gehiago izatea.
Hain zuzen ere, unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetan plaza lortzeko proban adierazi zenez, Hezkuntza Sailaren jarduteko modu hori "diskriminatzailea" zen, eta "ez zuen gaur egungo gizarte aurrerakoi honen berezko eskubide bat errespetatzen".
Arartekoak bere ebazpenean nabarmendu duenez, ordenamendu juridikoak eta justizia-auzitegiek "babes berezia ematen diote amatasunari", eta bularra eman behar duten amek probak egiteko beste oposiziogile batzuek baino denbora gutxiago izateak "desberdintasun-egoeran" jartzen ditu.
Horrenbestez, egoera hori konpontzeko eta emakume horiei azterketak egiteko denbora luzatzea ahalbidetzeko eskatu dio Arartekoak Hezkuntza Sailari.