Gizartea -
ALDAKETA KLIMATIKOA
Lehorteari aurre egiteko neurriak aztertuko dituzte gaur EAEko erakundeetako eta lehen sektoreko ordezkariek
Euri eskasiak eragin duen egoera aztertuko dute eta aurrera begirako neurri-sorta adosten ahaleginduko dira. Oraingoz, urtegien egoera kezkatzekoa ez bada ere, etorkizunean lehorteak nekazaritzan eta abeltzaintzan sor ditzakeen arazoei aurre egitea da bileraren helburua.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaia bilduko da gaur, euri eskasia nekazaritzan eta abeltzaintzan jada eragiten ari den egoerari buruz hitz egiteko. Hainbat erakundetako (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, Euskalmet, Neiker, Hazi, URA) eta lehen sektoreko ordezkariek osatzen dute mahai hori. 10:00etan dute hitzordua, Lakuan.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak deitu du bilera, besteak beste, egungo egoera aztertu eta aurrera begirako neurriak adosten hasteko. Hala, urtegietako datuak jarriko dituzte mahai gainean, aurreko urteetakoekin alderatu eta etorkizuneko aurreikuspenak lantzeko.
Oraingoz, EAEko urtegi nagusien egoera ez da larritzekoa, Arantxa Tapia sailburuak esan berri duenez; edukieraren % 70 baino gehiago dute beteta. Halere, azken 20 urteotako datuekin alderatuta, urtegien ur-maila jaisten ari da.
Alta, nekazari eta abeltzainak jada ari dira ur eskasiaren lehen ondorioak atzematen, eta neurriak lehenbailehen hartzeko eskatzen dute.