Gizartea -
Osasungintza Publikoa
Osakidetzako grebak % 65eko jarraipena izan du sindikatuen arabera, eta % 14,51koa, Jaurlaritzaren esanetan
Sindikatu deitzaileek adierazi dutenez, grebaren jarraipena bezperan baino handiagoa izan da, eta "bereziki garrantzitsua" Lehen Arretan.
EITB MEDIA
Bigarren greba eguna dute gaur Osakidetzan, osasun sistema publikoaren "desegitea" salatzeko. Sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak datu kontrajarriak eman dituzte, baina edozein kasutan jarraipena atzokoa baino handiagoa izan da. Atzoko eguna "arrakastatsua" izan zela nabarmendu ondoren, Satse, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek adierazi dute % 65ekoa izan dela "greba egin dezaketen langileen artean". Osasun Sailak, bere aldetik, goizean % 14,51ekoa izan dela esan du, eta, arratsaldean, % 14,83koa. Atzo, grebaren parte hartzea % 50ekoa izan zen sindikatuen arabera, eta % 9,98koa, Jaurlaritzaren esanetan.
Eguerdian, manifestazioak egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan: Gasteizkoa Buruileria plazatik abiatu da, Bilbokoa Jesusen Bihotza plazatik eta Donostiakoa Boulevardetik. Bilboko manifestazioa hasi aurretik kazetarien aurrean egin dituzten adierazpenetan, Esther Saavedrak (ELA) eta Amaia Mayorrek (Satse) negoziazio mahaiaren blokeoa salatu dute eta mahai hori aktibatzeko eskatu diete Osakidetzari eta Osasun Sailari. Are gehiago, iazko maiatzean deitutako greba egunetatik ez dela kontakturik izan esan dute. Horren aurrean, keinu edo jarrera aldaketarik izan ezean, mobilizazio gehiago deituko dituztela aurreratu dute.
% 65eko jarraipena, sindikatuen arabera
Deialdia egin duten sindikatuek hedabideetara bidalitako ohar batean nabarmendu dutenez, "berriro ere, bereziki garrantzitsua izan da Lehen Arretan". Atzo bezala, sindikatuek salatu dute gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla, eta "milaka langile greba eskubiderik gabe" geratu direla.
Sindikatuen esanetan, Osakidetzak "manipulatu" egiten ditu datuak, portzentajea kalkulatzeko langile kopuru osoa hartzen duelako kontuan, ez greba egin dezaketen langileena.
Bestalde, Satse, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek elkarrizketa eta negoziazioa "berreskuratzeko" deia egin diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari.
% 14,51koa izan da grebaren eragina goizean, Jaurlaritzaren arabera
Goizeko txandan, % 14,51koa izan da grebaren eragina, Jaurlaritzaren esanetan. Datuak lurraldez lurralde bereizita, jarraipena antzerakoa izan da denean: % 14,15ekoa izan da Araban, % 14,68koa Bizkaian, eta % 14,40koa Gipuzkoan.
Lan sailei dagokienez, sendagileen % 13,32k eta erizainen % 14,05ek egin dute planto. Gainerako sailetan, langileen % 15,45 batu dira gaurko mobilizazioetara, betiere Jaurlaritzak emandako datuen arabera.
Arratsaldean, % 14,83ko jarraipena izan du grebak, Osakidetzaren arabera
Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera, grebak % 14,83ko jarraipena izan du ostiral arratsaldean osasun arloko langileen artean.
Hain zuzen ere, grebak Araban izan du jarraipen gehien (% 17,8), gero Bizkaian (% 15,16) eta, azkenik, Gipuzkoan (% 12,66).
Osakidetzak emandako datuen arabera, % 23,16ko jarraipena atzeman da medikuen artean, % 12,17koa erizainen artean eta % 14,6koa gainerako lan-kategorietan.